Gaztelekuko egokitzapen eta hobekuntzak parte hartze prozesuan adostu dituzte

Ataria 2022ko ots. 18a, 18:45

Herriko gazte eta nerabeen beharrak eta interesak identifikatu ditu Amasa-Villabonako Udalak prozesu parte hartzaile baten bidez. Horrela, gaztelekuaren zerbitzuan egin beharreko egokitzapenak eta hobekuntzak erabiltzaileen ahotik ezagutu ditu. Kudeaketa lanak esleitu eta kontratazioa gauzatu arte itxita egongo da gaztelekua.

Katea etxea gaztelekuaren hamargarren urteurrenaren bueltan, udalak prozesu parte hartzaile bat abiarazi zuen 2021eko apirilean. Horrela, gaztelekuaren orain arteko ibilbidea aztertzeaz gain, 9 eta 17 urte arteko gaztetxoen iritzi eta beharrak identifikatu dituzte, aurrerantzean eskainiko den zerbitzuan beharrezkoa aldaketak txertatzeko.

Aipatutako hausnarketa prozesu parte hartzailea herriko Erniobea eta Zubimusu ikastetxeekin lankidetzan garatu dute, eta bi fase desberdinetan egin dute. Gazte eta nerabeen gurasoengana ere jo dute hauen ekarpenak biltzeko helburuarekin.

Lehenengo fasean, 12 eta 17 urte artekoen ekarpenak jaso dituzte. Adin tarte honetako 516 nerabeen iritziak bildu dituzte parte hartze prozesuan. Kolektibo honek, batez ere, taldean erabiltzeko materialari eman dio garrantzia: sofak, bideo-joko kontsolak, billarra... hau da, gaztelekuan dagoeneko badagoen materiala nabarmendu dute. Beraz, material hori berritu beharko litzatekeela eta espazioan hobeto nola txertatu aztertu behar dela ondorioztatu du udalak.

Gaztelekuan antolatzen diren ekintzei dagokienez, nerabe eta gurasoen iritziek bat egin dute gaztelekuak jarduera gehiago antolatu beharko lituzkeela esaterakoan. Zerbitzu honen ordutegiagatik galdetuta, nerabe gehienek egokia ikusi dute orain artekoa, nahiz eta badauden asteburuan ordutegia zabalagoa eskatzen dutenak ere. Gurasoen kasuan ere, asteburuei ematen diete garrantzia handiena, eta 16:00etatik  20:00etara ordutegia egokia dela uste dute.

Bigarren fasean, 9 eta 11 urte arteko adin tartekoen beharrak identifikatu dira. Erniobea eta Zubimusu ikastetxeetako 345 gaztetxoen beharrak identifikatu dituzte, eta ikusi dute kolektibo honen artean mugimendua eskatzen duten jarduerek garrantzia handia dutela: ohe elastikoak, mini porteriak, boxeo zakuak... Dena den, aztertzaileentzat deigarria izan da adin honetako haurrek teknologiarekin duten harremana; ez dute aisialdia gailu teknologikorik gabe irudikatzen. Bestetik, gaztelekuan irudimena edota arlo artistikoa lantzeko materiala ahalbidetu beharko litzatekeela erakutsi dute.

Gaztelekua itxita egongo da

Udalak nerabe eta gazteen, eta hauen gurasoen ekarpenak jaso ditu, eta lortutako informazioarekin Katea etxea gaztelekua egokitzen ari da dagoeneko. Bestetik, Gaztelekuaren kudeaketa lanak kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko da datozen hilabeteotan. Esleitu eta kontratazioa gauzatu arte, beraz, herriko zerbitzu publiko hau itxita egongo da.

Egoera dela eta, udalak barkamena eskatu nahi die gaztelekuko erabiltzaileei sortu daitezkeen eragozpenengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!