Larreako parkea estaltzeko proiektuaren atzerapenagatik azalpenak eman ditu udal gobernuak

Ataria 2022ko ots. 18a, 07:56

Udal gobernuak onartu du proiektu honek atzerapen handia pilatu duela eta horregatik barkamena eskatu die herritarrei. "Ezin izan dugu emandako hitza bete eta asko sentitzen dugu", esan dute. Proiektua errealitate bihurtzeko ahalegina egiten jarraituko dutela hitzeman dute.

Amasa-Villabonako EH Bilduk hauteskunde programan aurkeztu zuen Larreako haur parkea estaltzeko proiektua. Hauteskundeak irabazi ondoren lehentasunezko egitasmoen artean kokatu zuen eta 2020 urte hasieran proiektua berreskuratu eta 175.000 euroko lehen diru partida sortu zuen. Urte hartako irailean Hirigintza eta Ingurumen batzordean onartu zen parkea estaltzea EH Bildu eta PSEren babesarekin eta EAJren kontrako botoarekin.

2020. urtea amaitu aurretik esleipen prozesua martxan jarri asmo zuen udal gobernuak baina jakinarazi du helburu hori ez duela lortu. "Alde batetik, aurrekaririk gabeko osasun larrialdi egoerak sortutako krisi ekonomiko eta sozial larriari erantzutea bilakatu delako udalaren lehentasun ia bakarra; eta bestetik, udal idazkari postua hainbat hilabetez hutsik egon delako. Iaz, idazkariaren hautaketa prozesu berri bat egin behar izan zen eta horrek obraren esleipen prozesua geldiarazi zuen". 

Amasa-Villabonako udal gobernuak bidean sortu diren arazo teknikoen berri ere eman du. Nagusiena eta atzerapen handiena eragin duen arrazoia parke ondoan dagoen propano tankea da, haur parkearen ondoko belardi txiki batean lurperatuta dagoena. "Legedi urbanistikoek eta Europako UNE 60250 arauek esaten dute legez kanpokoa dela estalitako haur parke batean horrelako tanke bat izatea. Udala bizilagunekin harremanetan jarri gara eta propanotik gas naturalerako transformazioa egiteko eskaintza egin diegu", aipatu dute udal gobernutik. Tanke hori funtzionamendutik kanpo utzi eta inertizatu egin nahi dute, arazoari irtenbidea emateko.

Atzerapen gehiago ere izan dira tartean. Denetan aurrenekoa, lurzoruaren azterketa geologikoa egin beharrak ekarritakoa izan zen. Eremuaren segurtasuna bermatzeko parkearen azpialdeko lurzorua aztertu behar izan zuten eta Lurtek enpresa kontratatu zuten horretarako, lurzoruaren ezaugarriak aztertu eta txosten geotekniko bat osatzeko. Udal ordezkariek aipatu dutenez, altzairuaren prezioaren igoerak ere izan du zerikusia atzerapenean: "Proiektuaren aurrekontua aldatu behar izan genuen, lehengai honen prezioaren igoerak proiektuaren aurrekontuari nola eragingo zion jakiteko azterketa bat egin eta hasierako aurrekontuari gehikuntza ekonomiko bat egin behar izan zaio".

Barkamen eskea

Larreako parkea estaltzeak atzerapen handia pilatu duela onartu du udal gobernuak eta horregatik barkamena eskatu die herritarrei. "Oraingoz ezin izan dugu emandako hitza bete, eta asko sentitzen dugu", esan dute.  Beste behin udal gobernuak argi eta garbi adierazi du Larreako haur parkea estaltzeko proiektua aurrera eramateko konpromiso irmoa duela, "Villabonak duen gune estali gehiagoren beharrari erantzuten diolako eta 2014an garatutako parte hartze prozesuan, herritarren babes handiena jaso zuen proiektua izan zelako".

Amaitzeko, konpromisoa adieraztearekin batera egitasmoari eusteko borondatea agertu du udal gobernuak: "Ahalegin guztiak egingo ditugu, ahal bezain azkar proiektu hau errealitate bat izan dadin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!