BABESTUTAKO EDUKIA

«Elkarlana, konpromisoa eta konstantzia lantzen ditugu»

Mondragon Unibertsitatea 2022ko ots. 22a, 10:55

Maddalen Ugalde Itoiz (Segura, 21 urte) Industria Antolakuntza Ingeniaritza graduko 4. mailan dago eta Gradu Bukaerako Lana Orkli S. Coop.-en egiten ari da. 

Definitu apur bat zeure burua: non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Ikasketen ibilbidea Segurako Herri Eskolan hasi, Villabonako Zubi Musu Ikastolan jarraitu eta Batxilergoa Andoaingo Larramendi Ikastolan burutu nuen. Aisialdian argazki kamerarekin mendira joatea edota biolina edo panderoa jotzea gustatzen zait.

Zergatik aukeratu zenuen Industria Antolakuntza Ingeniaritza gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Ikasgai zientifiko edota teknologikoak nituen gogokoen. Hainbat ingeniaritza aztertu ondoren, sozialen eta zabalenetariko bat iruditu zitzaidalako aukeratu nuen Industria Antolakuntzako Ingeniaritza. Mondragon Unibertsitatea irakasleen gertutasuna, metodologia eta konpromisoagatik aukeratu nuen

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Pertsona moduan hazi eta helduagoa izaten lagundu didan esperientzia akademiko aberasgarria izan da unibertsitatea. Akademikoki tresna eta metodologia berritzaileak ikasteaz gain, pertsona bezala konstantzia, erresilientzia eta konpromisoa bezalako baloreak nireganatzeko balio izan dit.

Nola definituko zenuke Mondragon Goi Eskola Politeknikoan jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Elkarlana, konpromisoa eta konstantzia funtsezkoak dituen metodologia da. Ekipoan egindako proiektuekin etorkizunean lanerako ezinbestekoak diren autonomia, konpromisoa eta konstantzia bezalako gaitasunen trebakuntzan oinarritua.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zerbait hobetzeko?

PBL (Problem Based Learning) seihileko amaiera bakoitzean ikasgelan ikasitakoa ekipoan lanean praktikan jartzeko aukera ematen duen metodologia. Beti hobetu daiteke zerbait, esaterako, ikasgaien mailakako antolaketa. Lan karga orekatuagoa izan dadin seihileko edota mailakako ikasgaien egituraketa aldatuko nuke.

Lanean ari zara ikasten duzuen bitartean, Dual ereduan. Non ari zara jardunean eta zer lan mota egiten duzu?

Ordiziako Orkli enpresako kalitateko departamentuan dihardut lanean. Bertan, OEEaren adierazlearen kudeaketa bisualaren inguruko proiektu bat garatzen ari naiz.

Zer-nolako ekarpena egiten dizu eredu dualak?

Eredu dualak gradu guztian zehar ikasitakoaren erabilgarritasun eta aplikagarritasuna erakutsi dit, metodo eta tresnen ulermen sakonagoa landuz.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Eredu dualarekin jarraituz unibertsitateko master ikasketak egitea gustatuko litzaidake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!