ELKARRIZKETA

«Hemen zeozer aurkitu dut leku honekin izugarri lotzen nauena»

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 10a, 07:59

Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak bekarekin Amasa-Villabonan egonaldia egin ondoren osatu duen narrazio luzea beste 15 idazleren lanekin batera jaso du 'Hamazazpigarrenean aidanez' liburuan.

Asteartean aurkeztu zuen Villabonako Subijana etxean Leku bat omen zuen eleberri laburra. Herrian egindako egonaldian ikusi eta entzundakoetatik abiatuta idatzi du kontakizuna Maitane Perez Argotek (Iruña, 1985).

Nola laburbilduko zenuke idatzi duzun eleberria?

Jatorrizko herrira itzultzen diren hiru pertsonaien istorioak kontatzen ditut. Familia bereko hiru pertsona dira, belaunaldi ezberdinekoak. Amasa-Villabonatik kanpo bizi dira eta arrazoi ezberdinengatik egun berean itzultzen dira herrira, jakin gabe bestea ere egun berean iritsi dela. Hiru pertsonaiak Amasa-Villabonan zehar jarri ditut paseoan baina ez dute inoiz elkarrekin topo egiten. Euren emozioek zein bilakaera duten kontatzen dut, bost ataletan banatuta.

Pertenentziaz eta jatorriaz zenituen kezkak islatu nahi izan dituzu kontakizunean?

Hasiera batean, Amasa-Villabonan egonaldia egin nuenean ideia hori nerabilen buruan. Gero hemen eman nituen asteetan kontua pixka bat ahaztu nuen eta gehiago zentratu nintzen kontatzen zizkidatenetan. Informazio guztia bildu eta etxera itzuli nintzenean konturatu nintzen ez neukala, berez, gai hori ahaztuta. Idazkuntza prozesuan berriro bidean agertu zaizkit bekaren proiekturako aurkeztu nituen gaiak eta jatorriaren inguruko hausnarketa horiek osatzen dute eleberriaren egitura.

Pertsonaiak ondo marraztu nahi izan dituzu.

Bai. Niretzat erronka zen pertsonaiak sakonak eta osoak izatea. Praxku, Miren eta Irati dira protagonistak eta saiatu naiz horietako bakoitzaren emozioak eta oroitzapenak koherenteak izan daitezen, beraien adinaren eta izaerarekin. Ezertan hasi aurretik pertsonaia bakoitzaren biografia idatzi nuen, jaio zirenetik kontakizuna gertatzen zen uneraino. Nik badakizkit beraien sekretu guztiak. Haien azalean sartu naiz. Uste dut aktore izateak horretan baduela zerikusia.

Egonalditik zer baliatu duzu eleberrirako?

Hemen izan nintzen bitartean harremana izan nuen jende askorekin eta haiek esandakoak baliatu ditut eleberrirako. Gero nobelaren agertokia Amasa-Villabona da. Hemen egin ditudan lagun batzuk eleberria irakurtzeko aukera izan dute eta esan didate kontakizuna irakurrita ikusi egiten dituztela tokiak. Benetan oso polita izan da hori entzutea.

Bertako hizkeran arreta berezia jarri duzu.

Bai, interesatzen zitzaidan gaietako bat zen hizketarena. Iruñetik hona etorri nintzenean konturatu nintzen hizkera berezia zutela hemen, nahiz eta hemengoei ez iruditu. Nire eleberrian nolabait jaso nahi nuen hori guztia eta ozenki esaten diren elkarrizketa guztiak hemengo hizkeran idatzi ditut. Horretarako laguntza eskatu nion Uxoa Elustondo herritarrari. Sekulako lana egin du elkarrizketa horiek itzultzen eta egokitzen. Oso eskertuta nago.

Ipuin luzea edo eleberri motza. Zer da?

Liburuan 90 orrialde hartzen ditu kontakizunak. Ez dakit esaten. Egia da nik eleberri baten ideiarekin idatzi dudala. Nahiz eta laburra izan, nobela baten egitura eta eleberri baten azpiko lana du.

Zaila egin al zaizu Amasa-Villabonan jasotako informazio guztia antolatzea?

Amasa-Villabonan eman nuen denbora hausnarketarako baliatu nuen. Jende askorekin egoteko aukera izan nuen eta hamabost bat ordu irauten duten grabazioak bildu nituen. Hainbeste gauza jaso ondoren zaila da erabakitzea zer sartu eta zer ez. Idazten hasi aurretik egituraketa lan bat egin nuen eta prozesu horretan izugarri gozatu nuen. Pertsonaien biografiak idatzi nituen, Amasa-Villabonako mapa bat hartu eta pertsonaiak nondik nora ibiliko ziren erabaki nuen. Behin lan hori eginda, salto egitea erabaki nuen eta idazten hastea. Oso seguru sentitu nintzen eta idazketa prozesuan eroso jardun nuen.

Jasotako informazio guztiarekin beste ezer idazteko asmorik baduzu?

Gauza pila bat geratu dira eleberritik kanpo. Egon dira asko interesatu zaizkidan gaiak eta gero tokia izan ez dutenak eleberrian edo oso modu laburrean aipatu behar izan ditudanak. Informazio mordo bat dut etxean, eta agian eleberri bat ez, baina narrazio laburrak idazteko edo beste zerbaitetarako baliatuko ditut Amasa-Villabonan jasotakoak.

Berezia izan da zuretzako proiektu hau. Zergatik?

Kontakizunari nondik heldu erabaki gabe nuenean, aitona hil zitzaidan eta eleberria hasteko abiapuntua izan zen hura. Orduan erabaki nuen narrazioan aitona batek egon behar zuela presente. Dena den, ez bakarrik horregatik, niretzat esperientzia bera izugarria izan da. Ni aktorea naiz eta konturatzen naiz antzerki prozesuetan, idazketan bezala, emaitzara begira egiten dugula lan askotan; lehiaketa bat dagoenetan horri begira sortzen dugu. Azkar egiten dugu lan. Geuretik Sortuak bekarekin gogoetarako denbora hartu dugu. Niri, hausnarketa egiteko denbora oso-oso baliotsua iruditzen zait.

Eskertuta zaude jasotako guztiarekin?

Bai. Eskertuta nago Udalbiltzarekin emandako aukeragatik eta Amasa-Villabonako Udalarekin beti laguntzeko prest egon delako. Eta jendeari ere eskerrak eman nahi dizkiot. Hasiera-hasieratik bertakoek eskuzabaltasun handiarekin hartu ninduten. Harrera izugarri ona egin zidaten. Nire egonaldian ezagututako pertsona horietako batzuk lagun bihurtu zaizkit gerora.

Zure jarrerak ere izango zuen zerikusia.

Aurreiritzi gabe etorri nintzen, emango zidatena jasotzeko prest. Jarrera irekia edukitzerakoan gainerakoei transmititu egiten diezula uste dut. Intimitatetan sartu gabe, norberak nahi zuen hori kontatu zidan hemen egon nintzen bitartean. Jendea eroso sentitu zen nirekin eta horrek beti ematen dio bide harremanari.

Egindako lanari zabalkundea ematen ari zarete. Nola?

Nik aurreko asteartean Villabonako Subijanan egin nuen lanaren aurkezpena. Udalbiltzak Hamazazpigarrenean aidanez izenburupean bi liburukitan bildu ditu Geuretik Sortuak bekan parte hartu dugun 16 idazleon lanak. Egonaldia egin dugun herrietara gerturatzen gara sortzaileak lana aurkeztera. Antzerkigile eta zinemagileek ere parte hartu dute egitasmoan eta haiek egindako lanak Amasa-Villabonan ikusi ahal izango dira aurki.

'Leku bat omen zuen' da zure narrazioaren izenburua. Zuk egitasmo honekin leku berri bat irabazi duzula uste duzu?

Jatorriaren bila doazen pertsonaia batzuen istorioa idatzi dut, baina nik ez nuen sentitzen jatorriaren bila nenbilenik. Dena den, hemen zeozer aurkitu dut leku honekin izugarri lotzen nauena eta zer pentsatua eman dit. Niretzat beste leku garrantzitsu bat bihurtu da Amasa-Villabona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!