Elkartasun Sarearen iazko jardunaren balorazio positiboa egin dute

Ataria 2022ko ots. 8a, 16:00

Iazko urtean 1.418 elikagai lote banatu dituzte herritarren artean eta 34 haurrek beharrezkoa duten ikas-materiala jasotzeko aukera izan dute; 8 gaztetxoei Eskola Kirolako matrikula ordaindu zaie ZU-BI proiektuari esker.

Pobrezia egoeran edota bazterketa sozial arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzeko elkartea da Elkartasun Sarea. 2020 urtean boluntario talde baten eskutik sortu zen eta ordutik ez dio utzi behar handiena duten herritarrak laguntzeari. Elikagaiak eta oinarrizko produktuak biltzen ditu batez ere, baina ZU-BI izeneko dinamika berria ere abiarazi du, pobrezia egoeran bizi diren haurrek ere, herriko aisialdi, kirol edo kultur elkarteetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Elkartasun Sareak udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin koordinatuta egiten du lan, horrela, laguntza jasotzen duten familiak edo norbanakoak sail honek gainbegiratzen ditu.

Boluntario sareak, guztira, 1.418 elikagai lote banatu ditu amasar eta billabonatarren artean. Horietatik 506 Oiartzungo elikagai bankutik ekarri dituzte, eta 912 auzolanean bildutakoak izan dira, edo herriko merkatariek eta Eroski supermerkatuak emandakoarekin osatutakoak. 

Eskola materialari dagokionean, herriko dendarien eta herritarren ekarpenari esker bildu dute jasotako guztia eta horri eskerrak, 34 haurrek beharrezkoa zuten ikasketetarako materiala jasotzeko aukera izan dute. Arropa behar zutenei ere erantzun diete, eta guztira, 86 arropa lote banatu ditu sareak 2021. urtean zehar. 32 haurrek jostailuak jaso dituzte, eta altzarien artean sofak, koltxoiak, haurrak paseatzeko aulkiak banatu dituzte, besteak beste. Horrela, Elkartasun Sarearen helburua ez bada ere, ekonomia zirkularrari eta produktuen berrerabilerari ere ekarpen esanguratsua egin zaiola nabarmendu dute arduradunek.

ZU-BI proiektua, erreferentea

Gaitasun ekonomikorik ez duten familien seme-alabek kirol eskolan parte hartu dezaten, gizarte larrialdietarako programan dauden 8 gaztetxoei kirol eskolako matrikula ordaindu diete ZU-BI proiektuaren bitartez. Dena den, egitasmo honek duen garrantziaz jabetuta, Elkartasun Sareak iragarri du urratsak emateko ahalegin berezia egingo duela 2022an zehar.

Amasa-Villabonako udal ordezkariak "oso pozik" agertu dira egoera zailetan herriak eman duen erantzunekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkie Elkartasun Sarean musu-truk lanean ari diren boluntario guztiei, elikagaiak eman dituzten herritarrei eta dendariei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!