EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 14ko dekretua luzatzeko eskaera, eta ondorioz, COVID ziurtagiriak derrigorrezkoa izateari utzi dio. Amasa-Villabonako Udalak jakinarazi du, orain arte ez bezala, hemendik aurrera ez dela COVID ziurtagirik eduki beharko kiroldegietara sartzeko.
Amasa-Villabonako Udalak, kiroldegira sartzeko COVID ziurtagiria edukitzea derrigorrezkoa izan den egunetan, abenduaren 14tik otsailaren 1era, Olaederra kiroldegiko bazkide izateari utzi dioten herritarrek berriro bazkide egitea erabakitzen badute, pertsona hauei matrikularik ez kobratzea erabaki du, Olaederra kiroldegiko enpresa kudeatzaileekin adostasunez.
Bestalde, Amasa-Villabonako udal gobernuak kiroldegietan COVID ziurtagiria eskatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako derrigortasuna hasieratik "ulertezina eta ezegokia" izan dela adierazi du. Beatriz Unzue alkatearen iritziz, "COVID ziurtagiria eskatzeak herritarren eskubide indibidualak zapaldu ditu eta dudarik gabe pertsonen osasunarentzat mesedegarria den kirola egitera joateko ziurtagiri hori edukitzea derrigorrezkoa izatea zentzugabekeria galanta izan da".