ERREPORTAJEA

Gazteetatik dator kultura

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 3a, 07:59

Duela bi urte Amasa-Villabonako gazteek sortu zuten Sahrijai kultur elkartea, berriz ere, ekitaldiak antolatzen hasi da. Hileko lehen ostiraletan antolatuko dituzte ekitaldiak, eta bihar izango dira kontzertuak, Aljibean. 22:00etan, S.A.D. eta Lukiek taldeek joko dute.

Duela bi urte sortu zuten Amasa-Villabonan Sahrijai kultur elkartea, eta, berriz ere, bueltan da kontzertuak antolatuz. Herriko gazteak mugitu ziren, batez ere, gazteei begira zegoen kultur eskaintza murritzaz kezkatuta. Herriko talde ezberdinen artean egin zutela hausnarketa eta eragile ezberdinetako kideez osatu zutela taldea ekarri du gogora Nahikari Iturbe elkarteko kideak.

Aljibeak erabilera txikia zuela eta, toki egokia iruditu zitzaien ekitaldiak bertan antolatzen hasteko. Kultur elkarteari izena jartzeko, berriz, hitz jokoa egin zuten billabonatar gazteek. Sahrij hitzak aljibea esan nahi duela arabieraz azaldu dute, eta jai gehitu diotela, nolabait, kultur eskaintza gehienak jaiarekin lotuta antolatuko dituztelako.

Bi urte atzera eginda, Mikel Goya taldekideak kontatu du hasiera hartan deialdi bat egin zitzaiela eragile ezberdinei bilera batera deituz. Goyak aitortu du, guztiak ere, antzeko inguru batetik datozela, «azken batean, herri mailan mugimenduan ibiltzen garen jendea gara».

Pandemia egoerak, gizarteko alor askotara bezala, Sahrijai elkartera ere eten bat ekarri zuen, eta orain, berriz ere, taldera jende berria erakarri nahian deialdia egin zuten. «Horretan ari gara. Ez dugu inor baztertzen, eta jende guztia gonbidatzen dugu honen parte izatera», dio Goyak. «Proiektu polit bat dela ikusten dugu, eta ahalik eta jende gehien eta anitzena bilduta, hobeto».

2020ko urtean ekaina bitarteko guztia programatua zutela kontatu du Iturbek, baina guztia bertan behera utzi behar izan zutela. «Zailtasun asko izan ditugu, eta pandemia garaian kultura asko ukitua eta gaiztotua egon den arlo bat izan da; asko kosta zaigu berriz ere martxan hastea, baina ekin diogu eta uste dut inoiz baino indartsuago eta gogotsuago gabiltzala», azaldu du Iturbek.

Itzulerako lehena iazko abenduaren 30ean egin zuten. Adin ezberdineko jendea bertaratu zen kontzertuez gozatzera. «Urte amaieran lehenengoa egin genuen, eta 2022ari begira egitarau berri bat prestatzen hasiak gara, eta esan daiteke nahikoa bideratuta dugula, eta kontratu batzuk lotuta ditugula. Ekainera bitarteko eskaintza lotzea da helburua», zehaztu du Irene Arinek.

Anje Duhalde eta Sua elkartu zituzten bueltako lehen kontzertuan, eta arauak tarteko zalapartatsua izan bazen ere, adin ezberdineko herritarrak elkartuta «gustura» geratu ziren antolatzaileak, eta «gogotsu» daude aurrera jarraitzeko.



KULTURARI BERE TOKIA

Orain artean gehien bat musika alorretik tira dutela esan du Goyak: «Bai erraztasunarengatik, eta baita ohitura hori dugulako ere, baina hasieran esan dudan moduan ateak ez dizkiogu ezeri ixten». Mota ezberdinetako ekitaldiak antolatu nahi dituzte: antzezlanak, magia ikustaldiak,...

«Ideia pila bat sortu ziren», dio Iturbek, eta gaineratu du: «Pandemia aurretik ere esan genuen polita izango zela umeentzat Sahrijai Txiki bat antolatzea». «Espazio honek aukera asko ematen dizkigu ekitaldi ezberdinak egiteko, eta horrela beste ukitu bat ematen zaio eremu honi», gehitu du Goyak.

Tokia aipatuta, Aljibea Amasa-Villabonako Udalarena da, baina Sahrijai kultur elkarteak 2019an proiektua aurkeztu zion udalari. «Gure sorrera azaldu genien, eta eragile ezberdinetako gazteak elkartu ginela: Talde feminista, gaztetxea, Beertoki taldekoak,..., hau da, kulturalki eta herri mailan gauzak antolatzen eta aktiboki parte hartzen duten gazteak elkartu ginela». Aurrekontu bat aurkeztu zuten, eta hori onartuta horren barruan ari dira antolatzen ekitaldiak.

Gazteei begirako kultur hutsunea betetzeko aukera eman, eta udalaren oniritziarekin Aljibean hileko lehen ostiraletan antolatuko dituzte ekitaldiak. Aljibea erabiltzeko baimena eman die, eta txokoa egokitzen ari dira pixkana-pixkana.

Ezkutuko antolaketaren gainean, Arinek lantalde ezberdinak osatuta dituztela esan du: «Talde bakoitzak arlo bat lantzen du; ekonomia, kontratazioa, kudeaketa edo komunikazioa, egunean bertan lan egingo dutenena...». Lanak banatuta dituzte, baina astean behin elkartzen ahalegintzen dira.

Sare sozialei garrantzi berezia eman die elkarteak. «Sareetara begira mimoz lantzen ari gara, eta Sahrijai bakoitzean argazkiak ateratzen ditugu jendeak ikus dezan zer den Sharijai. Taldeei ere kantu bat grabatzen diegu», azaldu du Arinek.

«Talde txiki eta handien edo ezagun eta ezezagunagoen musikaz disfrutatzeko plaza bat da Sahrijai», azpimarratu du Arinek. «Gerta daiteke Anje Duhalde bat entzutea, edo etorri eta egunean bertan ezagutzea talde bat. Eta inguruko eta eskualdeko talde hasi berrientzat ere plaza bat izango da».

Goyak deialdia luzatu die kultur arloan dabiltzan taldeei, Aljibean tokia dutela esanez, eta sare sozialen bidez beraiekin harremanetan jartzeko eskatuz.

BIHAR, MUSIKA

Sahrijai elkarteak antolatutako urteko lehen kontzertua izango da, bihar, Aljibean. S.A.D. eta Lukiek taldeek eskainiko dute kontzertua, 22:00etatik aurrera. Gauera pasa dute, eta jendearen erantzuna zein den ikusi nahi dute.

Sarrerak aurrez Basajaun liburu dendan, Errotatxikin eta Rainbow tabernan erosi daitezke, 5 euroan. Eta egunean bertan 8 euroko balioa izango du.

Hemendik aurrera, Aljibean, hileko lehen ostiraletan izango da kulturari lotutako hitzordua, eta kulturari dagokion balioa eman nahi diote horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!