BABESTUTAKO EDUKIA

«Gogo handiz heltzen diegu proiektuei, eta dokumentalak eta film laburrak egiten asko disfrutatzen dugu»

Mondragon Unibertsitatea 2022ko ots. 8a, 07:57

Iraia Irazusta Mujika (Amasa-Villabona, 21 urte) Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko 4. maila ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.

Definitu apur bat zeure burua. Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Unibertsitatera heldu arteko ikasketak Fleming Eskolan egin nituen, Villabonan. Handik Tolosara joan nintzen batxilergoa egitera Orixe BHIra eta orain Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten nabil Aretxabaletan. Zaletasunei begira, hainbat eta hainbat gaztek bezala, lagunekin elkartzea, bidaiatzea eta mendira joatea dut gustuko.

Zergatik aukeratu zenuen Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Hasiera batean kazetaritza ikasketak egitea pentsatu nuen arren, nahiko kasualitatez ate irekietara joan eta Ikus-entzunezko gradua ikastea erabaki nuen. Ikasteko metodologia ederra iruditu zitzaidan eta banekien, niri egokitzen zitzaidan hezkuntza sistema izanik, gustura sentituko nintzela hau ikasten. Eta orain, gradua ia amaitu dudanean badakit erabaki ona hartu nuela.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?

Orain arte bizitako esperientzia oso ona izan da. Horrelako metodologia batean ikasteak aukera eta askatasuna ematen digu proiektuak ahalik eta profesionaltasun handienarekin egin eta guk nahi dugun modura bideratzeko. Horrela guk ere gogo gehiagorekin heltzen diegu proiektuei eta dokumentalak, film laburrak...egiten asko disfrutatzen dugu.

Nola definituko zenuke Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Praktikoa eta sortzailea. Alderdi praktikoa lantzea beti da aberasgarria ikasleontzat, are gehiago Ikus-Entzunezko Komunikazioa bezalako gradu batean. Gainera, lau urtetan zehar, hainbat profil ezberdin ikasten ditugunez errazagoa da zer gustatzen zaizun eta zer ez identifikatzea. Metodologia hau sortzailetzat ere hartzen dut, batez ere gaiak ideiak… guk garatzen ditugulako eta beti gabiltzalako gauza berrien bila. Hori horrela izanik, hausnarketari tarte handia eskaintzen diogu, eta beti gabiltza hainbat gaien inguruan hausnartzen eta ideiak berreraikitzen.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Unibertsitatetik gehien gustatzen zaidana sortutako harremanak dira. Aberasgarria da Euskal Herriko hainbat txokotatik datorren jendearekin elkartu eta lagunak egitea. Gustura aritzen gara talde lanean elkarrekin, baina lan hori amaitu ondoren denok batera aisialdirako elkartzea bikaina da.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Oraindik ere ez dakit zer egingo dudan etorkizunean. Laugarren maila amaitzean agian ikasten jarraituko dut, baina oraindik ere ez dut argi. Hala ere, hemendik urte batzuetara ahozko edo idatzizko komunikazioarekin lotura duen zerbaitetan lan egitea gustatuko litzaidake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!