Belabietako batailari buruzko ikerketa abiatu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 2a, 11:57

Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak aho batez erabaki du orain 150 urte  izandako gertakari historiko garrantzitsuenetako horri buruzko ikerketa zientifiko bat martxan jartzea Aranzadi-rekin elkarlanean.

Amasa-Villabonako Udalak hirugarren gerrate karlistako, 1873. urteko Belabietako batailari buruzko ikerketa abiatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. 1873.urteko abenduan izan zen hirugarren gerra karlistako (1872-1876) gudu edo bataila hori eta udalak esan du ez dela oso ezaguna herritarren artean, "baina zalantzarik gabe esan daiteke Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena dela". Hori dela eta, udalak Belabietan gertatutakoa modu zientifikoan ikertu nahi duela esan du, bataila horretako errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko. 

Belabietako bataila
Belabietako bataila, Amasako Belabieta mendiko magaletan izandako tropa Karlista eta Liberalen arteko gudu odoltsua izan zen. Moriones jeneral Liberalak Tolosako setio karlista apurtu nahi izan zuen, Lizarraga jeneral karlistak blokeatua baitzuen Tolosa. Bataila hartan milaka soldaduk parte hartu zuten eta ehunka hildako eta zauritu izan ziren. Ondo prestatutako bi armaden arteko aurrez aurreko borroka latza izan zen, fusil eta baionetekin elkar erasotzen aritu zirelarik. Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, hirugarren gerra karlistan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 bat baja izan zirela eta agiri historiko batzuen arabera, gudua Liberalek irabazi zuten, "kasu hauetan "irabazlerik" izan zenik esan badaiteke behintzat", esan du udalak.

Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du 2021, 2022 eta 2023 urteetan zehar bataila horren inguruko hainbat ikerketa lan egiteko: artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertu, Belabieta mendian bertan egingo den landa-ikerketaren bidez gerrako materiala jaso eta sailkatu, bataila honetarako eraiki ziren lubakiak ikertu, argitalpenak egin, informazio panelak ezarri eta abar. Aranzadik ikertzaileen lan-talde bat eratuko du lan horiek aurrera eramateko, Karlos Almorza ikerlari amasarraren ardurapean.

Udalak 2022. urtean 8.010,20 euroko inbertsioa egingo du egitasmo honetarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!