Amasan hasiko da Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 27a, 11:59

Aurkezpenean antolatzaileak, jardunaldiak egingo diren herrietako ordezkariak eta hiru pilotari izan ziren.

Larunbatean jarriko da abian adimen urritasuna duten pilotarien partidekin. Gurpildun aulkietan eskualdeko Hilario Olano eta Aingeru Senperena ariko dira.

Aurtengo Gipuzkoako Pilota Egokituko Txapelketa Amasako frontoian jarriko da abian, larunbat honetan, eta atzo pilotalekuan bertan egin zuten aurkezpena. Bi modalitatetan jokatuko dute txapelketa; batean, adimen urritasuna duten pilotariek jokatuko dute, eta bertan hamazazpi partaide daude, eta bestean aulki gurpildunetan aritzen direnak, eta hor zortzi partaide dira. Modalitate bakoitzean bi lehiaketa izango dira, bakarka zein binaka. Txapelketaren antolatzaileak Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioa eta Gipuzkoako Euskal Pilotako Federazioa dira.

Amasako frontoian larunbatean egingo den lehen jardunaldia 10:30ean hasiko da, eta goiz osoan zehar 11 partida jokatuko dituzte. Horietan, adimen urritasuna duten hamabi pilotarik parte hartuko dute buruz burukoari hasiera emanez. Behin buruz buruko txapelketa amaituta, hor lortutako emaitzen arabera osatzen dira bikoteak binakako txapelketarako. Eskualdeko pilotaririk ez dago adimen urritasuneko modalitatean. Gurpildun aulkietan Hilario Olano alegiarrak eta Aingeru Senperena goiaztarrak parte hartuko dute.

Amasakoaren ondoren, beste -zazpi jardunaldi egingo dira Gipuzkoan zehar, eta eskualdean horietako bat jokatu da, Asteasun, otsailaren 26an. Buruz buruko finalak Idiazabalen jokatuko dira, martxoaren 12an, eta binakako finalak Zumaian egingo dira, maiatzaren 14an. Aurtengoan ikusleak frontoira sartzeko aukera izango dute eta antolatzaileek herritarrak animatu dituzte partidak ikustera joatera.

Atzoko aurkezpenean Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakariak hitza hartu zuen, eta ilusioa egiten diola dagoeneko hamabigarren txapelketa jokatzeak esan zuen. «Pozik nago nahi duten kirolari guztiek ere parte hartuko dutelako aurten, aurreko urtean, pandemia zela eta kirolari batzuk ezin izan baitzuten parte hartu, etxebizitza burbuiletan bizi zirelako», esan zuen Arangurenek. Kirolarientzako, bereziki iaz parte hartu ezin zutenentzako, txapelketak balio handia duela gaineratu zuen: «Asko disfrutatzen dute, kirolari bezala aritzen dira, eta harreman sozialak garrantzia handia du».

Juan Karlos Etxeberria Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko zuzendari teknikoak ere hitza hartu zuen, erronka txapelketarako parte hartzaileak lortzea dela esan zuen, eta ahalegin horretan urtean zehar egiten diren topaketak nabarmendu zituen.

Partidak jokatuko diren herrietako ordezkariei eskerrak eman zizkieten antolatzaileek beraien babesarengatik. Bere aldetik, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak azaldu zuen kirola beti izan dela gizarteratzeko gai bat, eta «azken bi urte hauetan garbi geratu da beharrezkoa dela». Bide horretatik, kirol egokitua zabaltzeko laguntza eskaini zuen.

Aurkezpenean Asier Navaridas, Manu Quesada eta Leire Esnal pilotariak izan ziren. Esnalek adierazi zuenez, «hasieratik ahal dugun gehiena emango dugu», eta emakumezko gehiagok parte hartzeko deia egin zuen. Quesadak, bere aldetik, txapelketan parte hartzeko ilusioz dagoela azaldu zuen, eta urritasuna duten zein ez dutenei pilotan parte hartzeko deia egin zuen. Navaridasek gogora ekarri zuen kirola eginez ondo pasatzen dutela eta berak ere animatu zuen jendea kirol egokitua egitera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!