Osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin du udalak

Jon Miranda Labaien 2022ko urtarrilaren 27a

Aiztondoko herri mugimenduak aurkeztutako adierazpena onartu du udalbatzak, gehiengoa baliatuta; otsailaren 9ko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak

Lehen arreta eta osasun publikoa defendatzeko Aiztondoko herri mugimenduak egin duen aldarriarekin bat egin du Amasa-Villabonako Udalak. EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin udalbatzak babestu egin du osasun krisiari aurre egiteko mugimenduak mahai gainean jarri duen alternatiba. Aurkeztutako testuan zaintza kolektiboa bultzatzea eta bizitzak erdigunera ekartzea proposatzen du Aiztondoko herri mugimenduak.

Udal gobernuak bat egin du pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartu behar direla eskatzearekin. Osasungintzaren pribatizazioarekin amaitzea, txertoen patentea publiko egiteea, aztarnari gehiago kontratatzea eta sektore kaltetuenentzat baliabide gehiago jartzea eskatu du Xabat Laborde alkateordeak EH Bildu udal taldearen izenean eta Aiztondoko herri mugimenduak otsailaren 9an egin asmo duen mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Zerbitzu publikoen aldeko protesta iragarri du mugimenduak egun horretarako.

Osasun sistema publikoaren defentsan Aiztondon osatu den herri mugimenduak dio, alboratu egin behar direla etekin ekonomikoa edo kontrola helburu duten neurriak: «Pertsona indibidualon eskubideak murriztu behar badira izan daitezela erabaki justifikatu eta arrazoituak, elkar zaintzari erantzunez eta ez zerbait egiten ari denaren plantak egiteko. Zentzu horretan ulertzen dugu COVID-19 ziurtagiria neurri ez-eraginkor bat dela, beste hainbat neurri bezala».

INBERTSIO GEHIAGOREN ESKEA

Osasunean inbertitzea eskatu du mugimenduak eta pandemiaren kudeaketa «sozialki justua» egitea. Talde honetako kideen ustez, pandemiak aurretik zetorren osasun krisia ageriago utzi du. Osasun arloko agintariek hartutako erabakiak kritikatu dituzte: «Alde batetik ardura gainetik kendu dute eta pandemiaren bilakaera txarra herritarren arduragabekeriari leporatu diote; bestetik, osasungintzan inbertitu beharrean krisiaren kudeaketa neurri murriztaileetara mugatu dute. Nabarmen geratu da gutxi batzuen etekin ekonomikoak jarri dituztela bizitzak salbatzearen aurretik. Osasungintzan inbertitzen ez denean eta osasun langileak hezi, formatu eta kontratatzen ez direnenean, herritarron funtsezko eskubidea den zerbitzu publikoa suntsitzen hasten da».

EAJko Patxi Agirre zinegotziak «demagogiko eta populistatzat» hartu du Aiztondoko herri mugimenduak aurkeztutako testua eta adierazpena aurkeztu dutenei etekin politikoa atera nahi izana leporatu die. «Datu objektiboek erakusten dute Euskadiko osasun sistema kalitatezkoa eta eredugarria dela», esan du Agirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!