Badira iraganari begira malenkoniaz geratzen direnak eta etorkizunaren zain antsietatez daudenak; badira semaforo bat anbarrean jartzean pixkanaka galgatzen hasten direnak, eta badira azeleragailua sakatzen dutenak begiak itxiz —ze argi gorria ikusi ez baduzu, ez zara gorrian pasa—. Badira autoko erregai depositua erditik behera jasan ezin dutenak eta badira azken marratxoak hurrengo zerbitzuguneraino iraungo duela apustu egiten dutenak.
Badira mundua bi pertsona klasetan sailka daitekeela uste duten pertsonak, eta bagaude hori txorakeria bat dela uste dugunok. Baina txorakeriak ere bere funtzioa izaten baitu, erregaiaren prezioa sabai berrien bila abiatu den honetan zer pentsa eragin dit deposituko alarma-argiaren ideiak.
Gauza batzuk noiz hasten eta amaitzen diren jakina izaten da; are, batzuk erabaki ahal izaten ditugu. Baina gure kontroletik kanpo gertatzen diren horien kasuan, gustatuko al litzaizueke amaitzera doala jakitea?
Imajinatu zerbait agortzera doanean abisu-alarmaren argitxoa piztuko balitzaigu. Imajinatu pandemiari piztuko balitzaio! Baina pentsa dezagun gure bizitzako erregaietan, mugiarazten gaituzten horietan: zure bikote harreman luzeari bat-batean tin argitxo horia, erreserban zaude. Salbatzen lagunduko lizuke, edo duin amaitu ahal izateko erabakiak hartzen.
«Zergatik ez dugu 'Carpe Diem' gisa ulertzen konpainia ona eta eguzki epela azalean?»
Apur bat gordinago, imajinatu gure bizitzak iraungo duen denbora agortzear denean piztuko balitzaigu. Deskontu denbora litzateke bizitzaren partidan, atzera kontaketa den bezala berrogei asteak bete dituen haurdunarentzat. Edo luzapen denbora den bezala adinean gora doan pertsonarentzat. Gure aitona-amonek piztuta sumatzen dute argitxo hori, badakite agortzear direla eta oso presente dute hori.
Gehienok laurogei urtera arte luzatzen zaigun ortzi-muga jartzen diogu gure bizitzari, nahiz badakigun estatistikoki ez dela ohikoena. Gustatuko litzaizueke bizitzari erregaia amaitzean jakinarazpen bat jasotzea? Iratzargailuari bezala itxaroteko eskatu ezin zaion abisu bat litzateke. Zer egingo zenukete argitxo laranja horren aurrean: galgatzen hasi ala azeleratu eta begiak itxi? Carpe Diem edo neguko eguzki goxotan eseri maite dituzuenekin? Eta dena bitan banatu beharra baztertu dugunez, zergatik ez dugu Carpe Diem gisa ulertzen konpainia ona eta eguzki epela azalean?