Otsabi parkea eraberritzeko lanei ekin diete

Ataria 2022ko urtarrilaren 26a

Proiektu honen bidez, parkearen eremu guztia eraberritu, txukundu eta elementu berriak jarrita, parkea "erakargarriago egin eta biziberritzea" da udalaren helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu lanak.

Hasi dituzte Otsabiko parkea birgaitu eta biziberritzeko lanak. Oraingoz lehen fase batean parkearen gainaldean zeuden legez kanpoko txabolak bota eta inguruan soiltzeak egin dituzte. Modu horretan, parean dagoen paretaren gainean espazio natural berri bat sortuko dute herritarren gozamenerako. Espazio horretan, yoga egiteko gune berezi bat jarriko dute.

Lanen bigarren fase batean, parkearen birgaitze integral bat burutuko da; sarbidea eraberrituko da, informazio panelak jarriko dira, mahai eta aulkiak ipiniko dira, Pump Track zirkuitua hobetuko da, zirkuituaren ingurua txukundu, parkearen erdialdean dagoen igerilekua lorategi gisa atonduko dute, zuhaitzak kimatuko dituzte, berdegune berriak sortuko dituzte eta abar. Hurrengo egunetan ekingo zaie aipatutako bigarren faseko lanei. 

Proiektu honen bidez, Otsabiko parkearen eremu guztia eraberritu, txukundu eta elementu berriak jarrita, parkea "erakargarriago egin eta biziberritzea" da udalaren helburua. Arduradunek aipatu dutenez proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du bere osotasunean, eremu degradatuak berreskuratzeko aldundiak ezarritako diru laguntza programaren barruan. Beraz, Amasa-Villabonako Udalak ez du inbertsio ekonomikorik egin behar izan lan hauetarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!