Motorzale bat hil da N-1 errepidean, Villabona parean

Ataria 2022ko urtarrilaren 23a

Istripua N-1 errepidean izan da, Villabona parean eta Gasteizerako noranzkoan.

52  urteko motorzale bat hil da gaur arratsaldean N-1 errepidean, Villabona parean izandako istripu batean. Ertzaintzak ikerketa abiarazi du ezbeharra nola gertatu den argitzeko eta  lekukoen laguntza eskatu du.

Istripua 16:00ak inguruan gertatu da, N-1 errepidean, Villabona parean, Gasteizerako noranzkoan, eta bertan izandako lesio larrien ondorioz, Yamaha motozikletaren gidaria berehala hil da.

Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko ikerketa abiarazi du eta lekukoen laguntza eskatu du. Gertaerari buruzko informazioren bat eman dezaketen pertsonak Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitatearekin harremanetan jar daitezke 943 53 91 25 telefono zenbakian. 

Bestalde, Ertzaintzak esan du asteburuan zehar hiru pertsona atxilotu dituela Irunen, Oiartzunen eta Bilbon, ustez edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik, eta beste hamalau pertsona ikertu dituela, horietako bat Tolosan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!