Gabon madarikatuak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2022ko urt. 15a, 20:58

Iritsi ziren bezala, joan dira aurtengo Gabonak ere. Aitortu behar dizuet, urteak pasa ahala, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkidala. Beharbada lehen, kanpoan bizi nintzen urte haietan, etxera itzultzearen «mobida» horrek zentzua ematen zien egun magiko hauei. Gaur egun aldiz, goxo-goxo afaldu eta bazkaltzeko egunak bezala ikusten ditut Gabonak. Bai, familian eta maite dituzun pertsonez inguratuta, baina igandeetan egiten ohi ditugun familia-bazkarien antzeko zerbait.

Zalantzarik gabe aurtengo Gabonak, arraroenak (tristeenak?) izan direla esatera ausartuko nintzateke. Aurreko urtean, 2020an, pandemiaren lehen Gabonak «ospatu» genituen, eta egoera arrotza egin bazitzaigun ere, modu batera edo bestera gainditu genituen. Denontzat ezohiko egoera bat izan zen baina nahiko txukun gainditu genituen.

Aurtengoak aldiz, beldur askorekin ospatu ditugu. Gure guraso eta aitona-amonak ez kutsatzearen beldur horrekin. Gabonak bakarrik igarotzearen beldur. Gure opor edo jai egunak etxetik atera gabe «ospatu» beharraren beldur. Izan ere, ditxosozko Omikron horrek, Gabonak bakardadean eta konfinatuta pasatzea ekarri die herritar askori eta libratu garenok, mesfidantzaz eta 24/7 alertan pasa ditugu egun hauek. Kaka.

Gabon arraroak izan dira, baina hausnarketarako ere balio izan dit, eta hori izan daiteke beharbada, Olentzero eta Mari Domingik aurten egin didaten oparirik berezi eta onena!

Hau gutxi balitz, azken Gabonak triste hasi nituen. Garai hauetan inoiz sentitu ez nuen sentimendu batekin. Bai… triste… Bidean galdu dudan osabaren falta eta dagoeneko gurean ez dauden pertsona horien falta asko nabaritu dut oraingoan. Zaila… lehendabizikoz, nire etxean ospatzen genituen Gabon zoragarri horiek berriz errepikatuko ez zirela onartzea tokatu zitzaidalako. Gogorra eta konplikatua izan da bai.

Hala ere, egunak pasa ahala konturatu naiz, guraso zein nire anaia-arrebekin janari goxoz beteriko mahai baten inguruan egoteko aukera sekulakoa izan dela. Denok osasuntsu gaudela ikusteak eta hurrengo hilabeteetarako planak egiteko gogo hori dugula ikusteak, zeharo aldatu du Gabon hauen azken txanpa. Bai… Gabon arraroak izan dira, baina hausnarketarako ere balio izan dit, eta hori izan daiteke beharbada, Olentzero eta Mari Domingik aurten egin didaten oparirik berezi eta onena!

Eutsi goiari eta zaindu zaitezte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!