Urte berriarekin abiatu da 'Emakumeak Mugimenduan' erronka digitala

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 3a, 13:44

Emakumezkoen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzea da egitasmoaren helburua. Gaur ari dira aurkezten Amasa-Villabonan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailak jarri du martxan.

Emakumeok Mugimenduan egitasmoa aurkezten duen Txita ibiltaria Amasa-Villabonako Malkar plazan izan da gaur. Emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko ekintzak sustatzen dituzte egitasmoaren barruan eta tartean da erronka digital solidarioa: munduari bira emateko 40.000 kilometro egin nahi dituzte. Urtarrilaren 1ean abiatu zen erronka eta otsailaren 28ra bitartean izena ematen duten emakumeek beren mugimenduak erregistratu ahal izango dituzte.  

Erronkaren bidez lortutako kilometroekin emakumeen ahalduntzea sustatzen duten hiru erakunde lagunduko dira. Urtarrila erdialdera jakinaraziko dituzte zeintzuk diren erakunde horiek. Erronka solidarioan parte hartzeko Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman beharko da. Une horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du eta otsailaren 28ra egindako kilometro guztiak batuko dituzte antolatzaileek. Kilometroak batzeko modu asko daudela jakinarazi dute: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegian, kalean ala naturan...

Antolatzaileek emandako datuen arabera, Gipuzkoako hirutik emakume bat ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten du kirola. "Inaktibotzat hartzen dute beren burua eta hori sinesten dute. Gehiengoa herri txikitan bizi da eta 30 eta 49 urte artean ditu".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailak jarri du martxan egitasmoa eta txiba ibiltaria Amasa-Villabonan izango da gaur, urtarrilak 3, arratsaldez, 15:30etik 18:30era.

 

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!