Murua eta Aizpurua izan dira nagusi IX. Antton Pebet Oroimenezkoan

Leyre Carrasco 2022ko urtarrilaren 2a

Ander Murua eta Julen Aizpuruak 18an utzi dituzte Igoa eta Arbizu, Villabonako Behar Zana pilotalekuan jokatutako partidan. Finalaren aurretik joko garbi elite mailako partida izan da, eta bertan, Karrikaburu eta Sistiague nagusitu dira.

Villabonako Behar Zana frontoia goraino bete da goizean IX. Antton Pebet Txapelketako finala ikusteko. Bertan aritu dira Tolosa-Aurrera elkarteko Julen Aizpuru asteasuarra eta Soraluzeko Ander Murua pilotariak, Oberena elkarteko Josu Igoa eta Irurtzun elkarteko Aaron Arbizuren aurka. Tentsio handiko finala jokatu dute lau pilotariek, baina, azkenean, Murua eta Aizpuruak osatutako bikoteak 22-18 emaitzarekin jantzi du txapela.

Muruak eraman du pilotari onenaren saria, partida guztian zehar maila oso onean aritu baita. Igoa izan du arerio eta bera ere zuzen aritu da gaurkoan ausart jokatuz. Tentsioaren eraginez, ordea, hutsegite asko egin ditu.

Finalaren aurretik, Villabonako pilotalekura bertaratu diren jarraitzaile guztiek aspaldiko jokamoldea ikusteko aukera izan dute; joko garbi elite mailako partida, hain zuzen. Karrikaburu eta Sistiaguek osatutako bikoteak 40-33 emaitzarekin irabazi dute partida, Larronde eta De Paredesen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!