Material piroteknikoa arduraz erabiltzeko deia egin du udalak

Ataria 2021ko abe. 30a, 15:00

Bide publikoan petardoak edo bengalak jaurtitzea debekatuta dagoela gogoratu du Amasa-Villabonako Udaltzaingoak.

Amasa-Villabonako Udaltzaingoak elementu piroteknikoak (bengalak, petardoak eta antzekoak) erabiltzeak hiritarrengan ekar dezakeen arriskuaz eta trabaz ohartarazi du urte zaharraren atarian. 

Gogorarazi dute material hori eremu publikoan erabiltzea erabat debekatuta dagoela eta beti ere modu arduratsuan, segurtasun neurri egokiak hartu behar direla erabiliz gero. "Gainera, oso garrantzitsua da horrelako tresnak erosten badira, araudia betetzen duten baimendutako establezimenduetan egitea. Izan ere, hauek saltzeko baimen berezia duten dendek baldintzak bete behar dituzte: produktuak katalogatuta egon behar dira; lehergailu bakoitzak erabiltzeko gutxieneko adina du eta CE ikurra izan behar dute; debekatuta dago lehergailu piroteknikoak kalean saltzea".

Erabilera egokirako gomendioak eman ditu Udaltzaingoak:

  • Ez gorde lehergailurik poltsikoetan.
  • Ez manipulatu lehergailuen osagarririk eta ez atera lehergailuen osagarririk
  • Ez bota petardorik pertsona edo animalien kontra
  • Ez bota eskuekin. Artikulua lurrean jarri beti eta metxa albotik piztu. Horrenbestez, jaurtitzaileak petardotik urruntzeko denbora izango du
  • Adi egon inguruan su hartu dezaketen lehergailurik edo likidorik egon ez dadin
  • Ez jarri petardorik adreiluetan edo botilatan. Lehertzen direnean metraila sortu dezakete
  • Artikuluak saltokietan eta baimendutako profesionalei erosi
  • Petardo edo bengala bat ez bada ondo pizten ez ukitu ordu erdi pasatu arte
  • Ez bota petardo edo bengalarik etxeetako atarietan edo balkoietara, suteak izateko arrisku handia sortzen dute eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!