Erosteko, galdetzeko, jakiteko...

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 29a, 19:58

Herriko bost emakume diseinatzaile artisauren lanak erakusgai jarri dituzte urtarrilaren 9ra bitarte Roteta dendan; «opari berezi bat erosteko leku ezin aproposa» dela azaldu dute billabonatarrek.

Pop-up modan dagoen kontzeptua da. Iraupen mugatua duten dendei egiten die erreferentzia. Villabonan, Kale Berriko 60an, Roteta denda hartu dute herriko bost diseinatzaile artisauek, Gabonetarako bakarrik. Urtarrilaren 9ra arte egongo dira bertan, euren lanak erakusten eta saltzen. Ordutegia ondorengoa da: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan goizez.

Maria Barrena eta Susana Carretero (Sualma, egurrezko jostailuak); Mirari Errandosoro (Kimuri); Virginia Ameztoy (Aza studios) eta Helena Agellek jarri dute pop-up azoka, eta ez da kasualitatea izan: «Gehienok baratze komunitarioetatik ezagutzen dugu elkar, eta filosofia hori gure sorkuntza lanetara eramaten dugu».

IDEIAREN GAUZATZEA

Mirari Errandosorok Roteta denda ezaguna hutsik zegoela ikusi zuen. Virginia Ameztoy-ri kontatu zion izan berri zuen ideia, eta honek argi erantzun zion: «Ez!». Bere buruak, ordea, segidan egin zuen klik eta biak denda ikustera joan ziren; «zerbait berezia sentitu nuen. Roteta denda mitikoa da Villabonan. Bat-batean, Mirariren ideia aurrera eramaten hasi ginen, eta di-da batean egin genuen dena».

Pop-up azokaren ideia aurrera eraman ahal izateko herriko beste artistekin jarri ziren harremanetan. Horrela sortu zuten bostekoa. Eta bostak emakumeak. «Hasieran, agian, kasualitatea izan zen, baina nik beste irakurketa bat egiten dut», dio Susana Carreterok: «Leku eroso batean bildu gara, gure lanak era horizontal batean erakusten, bata bestearen gainetik egon gabe. Nire ustez emakumeen artean ematen da hori. Nik behintzat hori aurkitu dut».

Tailer txikiren batean edo etxean egiten dute sorkuntza lana. Hori plazaratzeko, ordea, garai onenak ez direla dio Carreterok: «Azoka gutxiago egiten ari dira. Horrelako leku eroso bat jartzea gure gauzak saltzeko ideia bikaina da. Azoka luze bat bezalakoa da, eta herrian bertan. Nik xarma handia ikusi nion hasieratik».

Virginia Ameztoy-k artisau diseinatzaileen lana balioan jarri beharra dagoela dio, eta Gabonetan Rotetan jarri duten pop-up azokak horretarako ere balio duela uste du: «Hemen jendeak lan prozesu osoa ikusteko aukera dauka, ez azken produktua bakarrik. Hori interesgarria dela iruditzen zait. Villabonako bost emakume diseinatzaile artisau elkartu gara, eta gure lana nondik norakoa den erakusten dugu. Hori da balorean jartzea, jakitea nondik datorren, zer den, nola egiten den eta nora doan ordaintzen den diru hori».

Rotetan guzti hori ikus eta entzun daiteke, artistak han egoten baitira. Bertara doanak azkenean bizitzeko, kontsumitzeko eta harremantzeko beste modu baten emaitza ezagutuko du, eta horretaz gustura hitz egiteko prest dauden bost emakume.

ERANTZUNAREKIN «GUSTURA»

Urtarrilaren 9ra bitarte opari berezi bat erosteko leku ezin aproposagoa da Roteta, Susana Carreteroren esanetan: «Artisau lanak horrela izaten dira, bakarrak. Katean ezin dira horrelako gauzak egin. Denetarik dago, detaile bereziak dira, bakoitza kontzientziarekin egina da. Horrek erosten ari zarena ere kontzientziaz erostea dakar. Garrantzitsua da gaur egun hori, eta aldi berean, polita».

Egurrezko jostailuak, ehun estanpazio botanikoak, koadernaketa, zianotipiak, Gyotaku ehun japoniarrak, kamisetak, zapiak, belarritakoak... Eskaintza zabala dago Rotetako pop-up azokan, eta erantzuna «primerakoa» izaten ari dela diote. «Nik uste nuena baino askoz hobea. Oso gustura gaude. Mugimendu polita egon da egun hauetan. Adin guztietako herritarrak gerturatu zaizkigu, eta jende guztiak oso gustura hartzen ditu azalpenak. Sorkuntza espazio batean sartzen dira, eta guretzat horrelako zerbait egiten dugun lehen aldia den arren, oso eroso sentitzen gara gure artisau diseinu lanen inguruan hizketan. Beraz, jende guztia gonbidatu nahi dugu hona etortzera, galdetzera, ukitzera eta usaintzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!