ELKARRIZKETA

"Gauzak Auzitegi Nazionalean ez direla aldatu ikusi dugu"

Ataria 2021ko abe. 22a, 07:58

Asteasuko Usarrabi kiroldegian igandean egingo den elkartasunezko bertso saiorako deia luzatu du; 13/13 auzian epaitutakoei babesa helarazteko balioko du ekitaldiak

Azaroan amaitu zen 13/13 auziko epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sumariotik atera duten Julen Zeralainek (Amasa-Villabona, 1967) kezka azaldu du etorri daitekeenagatik.

Espero al zenuen zure aurkako akusazioa erretiratzea?

Beti esan izan dut, nire kontrako akusazioa egiteko elementurik ez dutela izan, baina Auzitegi Nazionalera joaten zaren bakoitzean ez duzu jakiten nola bukatu dezakezun. Nire kideekin berdina gertatzen da, oinarririk ez dute haien aurka baina oraindik fiskalak mantentzen ditu akusazioak. Nire egoera pertsonala hobetu da, lasaitua hartu dut, baina hor utzi ditudan lagun eta nirekin presoen aldeko mugimenduan aritu diren kideekiko kezka dut. Espetxetik atera nintzenean ere sentsazio berdina izan nuen.

Etorri daitekeen sententziaren inguruko zantzurik baduzue?

Ez dakigu ezer. Kezkagarria iruditu zitzaigun epaiketaren amaieran fiskalak esandakoa, bere eskaerak justifikatzeko, ETA oraindik ez dela desagertu esan zuen. Adierazpen horiek erakusten dute zigorrak justifikatzeko aurreko egoeretara bueltatzea bilatzen dutela.

Erakundeen partetik jaso al duzue babesik?

Oro har irakurketarekin bat datoz eragile guztiak. Esaten digute lekuz kanpo dagoela epaiketa hau eta ez dela herri honentzat mesedegarria. Baina, era berean, iruditzen zaigu instituzioetatik ez zaiola gaiari beharrezkoa den larritasunarekin erantzuten. Badirudi normaltzat hartzen direla tortura testigantzak edota abokatuen bulegoetan ilegalki sartzea. Iruditzen zaigu instituzioek iraganeko agertokietara bueltatzeko saiakerak daudenean, lidergo bat asumitu beharko luketela horrelako errealitateei aurre egiteko. Horren falta sumatu dut.

Eta kalean izan den erantzuna nola baloratzen duzue?

Auzi honetatik ateratzen dugun gauzarik baikorrena da. Niri jende asko gerturatu zait elkartasuna adieraztera. Gustatuko litzaidake zenbait instituzioetako arduradunek konpromiso horren laurdena erakutsi izan balute. Laurdenarekin bakarrik nahikoa litzateke herri hau beste agertoki batera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!