Euskal presoei aplikatzen zaizkien neurriekin amaitzea eskatu du Amasa-Villabonako Udalak

Ataria 2021ko abe. 21a, 09:52

Osoko bilkuran alkatetzak aurkeztutako adierazpenarekin bat egin du udalbatzak, EH Bildu eta EAJren aldeko eta PSE-EEren kontrako botoekin. Abenduaren 31ko manifestazio isilerako deia egin du udalak.

Amasa-Villabonako udal ordezkariek euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko kartzela politika gaitzetsi dute eta Espainiako eta Frantziako estatuei presoen eskubideak bermatzeko beharrezko diren neurriak har ditzatela exijitu diete. Honenbestez, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udal ordezkariekin batera, manifestazio isila deitu dute abenduaren 31rako. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik 19:00etan atera eta Villabonako Errebote plazan amaituko da.

Amasa-Villabonako Udalak manifestazioarekin "oinarrizko" eskera batzuk kaleratu nahi ditu. Lehenetik eta behin, aplikatzen zaizkien salbuespenezko kartzela neurriekin bukatu eta euskal presoei legedi arrunta aplikatzea eskatuko du udalak. Eta, bide batez, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak eta 70 urtetik gora dituztenak kaleratzea ere exijituko du.

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, oraindik 104 preso daude Euskal Herritik kanpo, tartean Aiztondoko guztiak, "eta ondorioz haien eta haien familien eskubideak urratuta segitzen dute". Datu gehiago ere eman dituzte: "Hirugarren graduan 70 presok egon beharko lukete eta 10 baino ez daude; gainera horietatik 52k eskubidea dute dagoeneko baldintzapean aske egoteko. Preso horien %90ek espetxe baimenak izateko aukera beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako, baina ez zaie eskubide hori aplikatzen".

Guzti horri, justiziaren jarrera "atzerakoia" batzen zaiola nabarmendu dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek. "Espetxe Zaintzatik gradu progresioren bat edo espetxe baimenen bat lortzen denean, Auzitegi Nazionalak errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek".

Alkatetzak aurkeztutako adierazpena babestu dute EH Bildu eta EAJ udal taldeek. Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak aurka bozkatu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!