Euskal pilotaren inguruko unitate didaktikoak prestatu dituzte

Ataria 2021ko abe. 16a, 11:59

Amasa-Villabonako Udalak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat unitate didaktikoak prestatu ditu, Behar Zana elkartearekin lankidetzan.

Amasa-Villabonako Udalak, euskal pilotaren inguruko unitate didaktikoak sortu ditu Behar Zana elkartearekin batera. Beatriz Unzue alkatearen esanetan, gure kirolak gure kulturaren ezaugarri eta adierazle diren neurrian, haien zaintza eta biziraupenerako ahalegina egitea dagokio udalari. Asmo horrekin Lehen Hezkuntzako hiru zikloetarako unitate didaktikoak sortu ditu eta Fleming herri eskolan eta Zubimusu ikastolan erabiliko dituzte.

Amasa-Villabonako ondare kulturaren parte da errebotea eta udal ordezkarien ustetan azpimarratzekoa da pilotak historikoki herrian izan duen garrantzia. "Gizarteko beste arlotan gertatzen den bezala, bizirauteko, garai berrietara egokitzeaz gain, belaunaldi berriengana iritsiko den transmisioa ezinbestekoa da", aipatu du alkateak.

Behar Zana pilota elkarteko kide Iñaki Lizasok azpimarratu duenez umeengana iristeko bide eraginkorrena ikastetxeak dira: "Umeak pilota mundura gerturatzeko bidea dira". Euskal Herrian pilotaren inguruan hutsune bat sortzen ari dela uste du Lizasok eta egoerari horri buelta emateko sortu ditu Behar Zanak unitate didaktikoak. "Kirola aukera handia dago eta gaur egungo bizieragatik, gutxitzen ari dira herriz herriko pilota eskolak. Zorionez gure pilota elkartea osasuntsu dago, eta udalari proposamena luzatu eta ikastetxeekin hitz egin ondoren, euskal pilota barne hartuko duen unitate didaktikoa prestatzeari ekin genion".

Hiru unitate didaktiko

Lehen Hezkuntzako zikloetako bakoitzeko unitate didaktiko bana prestatu dute. Gaur egungo dekretura egokitutakoak dira eta gure herriko pilotaren historia, euskal pilotaren bilakaera, euskal pilota modalitate ezberdinen sorrera eta zenbait bitxikeria lantzen dituzte. Teknologia berriak baliatuta egin dute lan eta heziketa fisikoaz aparteko beste arloetan ere landu ahal izango dute gaia, hala nola, euskaran eta gizarte zientzietan. 

"Ikastetxeek agertu duten inplikazioa garrantzitsua izan da, beraien programazioan sartuko baitute unitate didaktikoa", esan du Lizasok. Nerea Zumeaga Zubimusu ikastolako zuzendariak eskerrak eman dizkio Behar Zana elkarteari egindako lanketagatik: "Hezkuntza eragile bezala, herriko beste eragileekin batera badugu ardura Amasa-Villabonako ume guztiek euskal kultura eta ondarea ezagutu dezaten. Gure herria pilotarekin lotutako herria izanik, ezinbestekoa iruditzen zaizkigu horrelako ekimenak".

Fleming herri eskolako zuzendari Jesus Quesadak ere eskertu du pilota taldeko kideek egin duten lana. "Ez dugu sekula horrelako tresna bat eskura eduki. Euskal pilota, gehienbat esku pilotarekin lotuta ulertu izan dugu, baina unitate didaktiko honi esker bestelako modalitateak ezagutu ditugu. Orain arte ezezaguna zitzaigun hiztegiaz, materialez eta teknikez gehiago jakiteko bidea emango digu unitateak".

Aurretik ere ikastetxeetan euskal pilota lantzeko materialak sortu izan direla aitortu du Lizasok, baina material hori urteak aurrera egin ahala galtzen joan dela azpimarratu du. "Horregatik ikusten genuen material hau beharrezkoa eta espero dugu baliagarria izatea herriko umeentzat". Gipuzkoako Pilota Federazioko teknikariek emandako laguntza eskertu du Lizasok eta unitate didaktiko hauek sortzeko Larramendi Bazkuna eta Behar Zana elkartearen 50. urteurreneko liburutik informazioa jaso dutela aipatu du. "Ea honek guztiak balio duen umeei pilotaren harra barruan sartzeko".

Amagoia Agirre Hezkuntza arloko zinegotziak ere eskerrak eman dizkio Behar Zana elkarteari, herriko ikastetxeei eta irakasleei, "euren inplikazioagatik eta unitate hauek programan eta curriculumean txertatzeko erakutsi duten borondateagatik". Bereziki eskerrak eman dizkio zinegotziak Lizasori, proiektu hau guztia garatzen eta aurrera ateratzen egindako lanagatik. "Beste proiektu askori bidea emateko hazia izan daiteke unitate didaktiko hau, herrian baditugulako beste gauza asko haur eta ikasleei helarazteko. Etorkizun oparo bat eraikitzeko ekimen garrantzitsuak dira horrelakoak", esan du Agirrek.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!