Joan den azaroaren 30ean izandako udalbatzan onartutako 2022ko aurrekontuarekin «gustura» dagoela adierazi du Amasa-Villabonako udal gobernuak. «Aurrekontu benetan soziala eta aurrerakoia da, herriaren beharretara ondo egokitzen dena eta inbertsio oso garrantzitsuak dituena. Datorren urteak erronka handiak ditu guretzat eta guk indarrez eta gogoz beterik helduko diegu, herri hobe baten alde lan egiteak harro sentiarazten gaituelako».
Lehen aldiz, 7 milioi euroko langa gainditu du aurrekontuak, diru sarreretan izandako %3ko hazkundea dela medio. Beatriz Unzue alkatea: «Honek aukera eman digu hainbat sailetako gastu maila igotzeko eta inbertsio gehiago egiteko, murrizketa aipagarririk egin gabe». Gizarte zerbitzuetan, berdintasun eta politika feministetan eta herriko merkataritzan izan diren igoerak nabarmendu ditu Unzuek. "Gobernu honek gizarte zerbitzuen aurrekontua handitu du urtez urte, eta 2022an inoizko aurrekonturik handiena izango du herritarren ongizaterako ezinbestekoa den sail honek, zehazki 638.349 eurorekin. 2021arekin alderatuta Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontuak %8,46ko igoera izango du. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan eta Prebentzio programetan igoera nabarmenak izan dira. Azpimarratzekoa da sail hau indartzeko egin dugun ahalegin berezia, izan ere, 2019ko aurrekontuarekin alderatuta, Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua %36an handitu dugu".
Berdintasun eta politika feministek %10eko igoera aipagarria izango du datorren urteko aurrekontuan. Besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa osatzea, jaietan eraso matxistak gerta ez daitezen neurriak hartzea eta berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainak burutzea izango dira 2022an garatuko diren ekimenak. "Guzti hau herriko talde feministekin elkarlanean eta adostasunez garatu nahi dugu", esan du alkateak. "Udal gobernu honek berdintasunarekin duen konpromisoa erakusten duen beste datu esanguratsu bat jarri nahi genuke mahai gainean: 2019arekin alderatuta, EAJ gobernuan zela, berdintasunaren aldeko aurrekontua %891ean handitu da, 3.500 eurotik 30.900 eurora.
"Gure herrian sektore ekonomiko eta sozial garrantzitsuena den tokiko merkataritza sustatzea ere, udal gobernu honen lehentasunezko bat izan da hasieratik", aipatu du Unzuek. Ondorioz, helburu honetarako aurrekontua ere biderkatu egingo dute. 2022an, guztira, 93.000 euro bideratuko dituzte herriko merkataritza sektorea bultzatzera, 2019an baino %1.162,5 gehiago.
Ingurumena eta Mendietan, Euskaran, Kulturan, Gazterian, Kirolean, Udaltzaingoan eta Zerbitzu Orokorretan aurrekontua mantendu, "edo zertxobait" igoko dutela esan dute udal gobernuko ordezkariek. "Deigarria da Gazteria sailean %48ko igoera izango dela, batik bat Gaztelekuaren funtzionamenduan aplikatuko diren hobekuntzengatik eta Kirol sailean %14ko igoera izango dela Eskola K irolean burutuko den erregulazio prozesua dela eta.
ALKATETZA GASTUAK BEHERA
Gastuaren jaitsiera "nabarmena" azpimarratu du Unzuek. %4ko jaitsiera egingo dute udal gobernuaren gastuetan. Murrizketa nabarmenenak bulego materialetan (-%80), protokolo gastuetan (-%50), bilera eta hitzaldietan (-%50), alkatetza dietetan (-%50), eta alderdi politikoen ekarpenetan (-%12,5) aplikatu dituzte. Hirigintza eta Hezkuntza sailetan ere beherakada "nabarmenak" egingo dituztela iragarri du alkateak, baina "arrazoi tekniko" hutsak argudiatu ditu horretarako: "Hirigintzan, azken urteetan egindako inbertsioei esker beherakada aipagarriak izango dira herri argiterian eta argindar gastuetan. Hezkuntzari dagokionez, 2021ean COVID-19ari aurre egiteko egin behar izan diren garbiketa eta desinfekzio lanak aurreztuko dira, eta horrek eragin du aurrekontuaren jaitsiera".
Herriko elkarteei, eragileei eta herritarrei bideratutako diru laguntzek ere igoera nabarmena izango dute; 2021arekin alderatuta, aurrekontua %4,85ean handitu dute. 2022ko inbertsio aipagarrienak zerrendatu ditu alkateak eta aipatu du 731.00 euro bideratuko direla proiektu berrietara, «azken urteetako kopuru handiena».
- Hirigintza eta zerbitzuak:
- Olaederra kiroldegiko kantxaren birmoldaketa: 115.000 euro.
- Espaloiak eta asfaltatze lanak, gehienbat, Txermin auzoan: 60.000 euro.
- Villabonan bi komun publiko berri ezartzea: 57.000 euro.
- Udarako ur parke berria Erreboteko plazan: 41.548 euro.
- Kale garbiketa makina elektriko berria: 31.500 euro.
- Villabonako udal pilotalekua margotzea: 22.000 euro.
- Parke berria eraikitzea Amalurra plazan: 14.500 euro.
- Furgoneta elektriko berria erostea (leasing): 8.000 euro.
- Kaleak garbitzeko sopladora elektrikoa erostea: 2.000 euro.
- Ingurumena eta mendiak:
- 2021-2030 Energia Plana: inbertsioak udal eraikinetan: 50.000 euro.
- Errekak babesteko sare metalikoak jartzea: 25.000 euro.
- Euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak Kale Berrian: 20.000 euro.
- Herri-bideen inbentarioaren berrikuspena: 15.000 euro.
- Hezkuntza:
- Fleming Herri Eskolarako inbertsioak: 70.000 euro.
- Arratzaingo eskoletan gasa jartzeko lanak: 20.000 euro.
- Seaska Haur Eskolako parkea eraberritzea: 14.395 euro.
Alkateak aipatu du, aurrekontuan jasota ez badaude ere, 2022an gutxienez beste hiru inbertsio gauzatuko direla: Herritarren parte hartze prozesuko herri galdeketan garaile izandako bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektua (396.590 euro); Olaederra kiroldegiko teilatua guztiz aldatzea (354.000 euro); Larrea parkea estaltzea (210.000 euro).
OPOSIZIOAREKIKO KRITIKO
Udalbatzak osoko bilkuran onartu zuen 2022ko aurrekontua, aldeko EH Bilduren zazpi boto eta EAJ eta PSE-EEren kontrako seirekin. Xabat Laborde alkateordeak, oposizioko alderdiek izan duten jarrera eta jokabidean jarri du arreta. «Tamalgarria da udal gobernuarekin biltzeko eta negoziatzeko prest ez dagoen oposizio politiko batekin aurkitzea». Udalbatzan zuzenketa batzuk aurkeztea eta jarrera eraikitzailea dutela esatea, ez zaio nahikoa iruditzen udal gobernuari. «Gure ateak irekita daude, eta gurekin elkartu, proposamenak egin edo negoziatzeko pausoa eman beharko luketela pentsatzen dugu, oposizio eraikitzaile bat egin nahi badute behintzat», esan du Labordek.
Udal gobernuaren ustez, EAJk eta PSEk aurrekontu proposamena ezagutu aurretik erabakita zuten kontrako botoa. «Ez dute negoziatu nahi izan, bazekiten aldez aurretik egindako proposamen apurrak guretzat onartezinak zirela, eta horrela, oso zaila da oposizio eraginkor eta eraikitzailea egitea». Bereziki azpimarra jarri du Labordek, PSEko kideak izandako jarrera, bere proposamenetako bi aurrekontuan txertatu badituzte ere, aurkeztutako beste proposamen batzuk «guztiz onartezinak eta zentzugabeak» iruditu zaizkio udal gobernuari, adibidez, euskararen inguruan egindakoak.