Gizarte Zerbitzuen sailak %8,49ko igoera izango du datorren urtean

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 7a, 07:59
Azaroaren 30ean udaletxeko batzar aretoan egin zuten osoko bilkuran jasotako irudia.

Amasa-Villabonako Udalak 7.055.000 euroko aurrekontua onartu du 2022rako; azaroko bilkuran, EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin onartu dute.

Amasa-Villabonako udalbatzak udal gobernuak 2022rako proposatutako aurrekontua onartu du, EH Bildu udal taldearen babesarekin eta EAJ eta PSE-EE alderdietako ordezkarien kontrako botoarekin. 7.055.346 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urtean. Xabat Laborde alkateordearen esanetan, «sekula egon den aurrekontu sozialena da, herriaren beharretara egokitutakoa, guretzat pertsonetan inbertitzea lehentasunezkoa baita». 

Aurtengo urtearekin alderatuta, Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontuak %8,49ko igoera izango du datorren urtean. 638.349 euro bideratu dituzte sail horretara, eta udal gobernuko kideek nabarmendu dutenez, etxez etxeko laguntza zerbitzuek %24ko igoera izango dute eta politika feministek %10koa. «Azpimarratzekoa da sail hau indartzeko egin dugun ahalegina, 2019ko aurrekontuarekin alderatuz gero aurrekontua %35,98 hazi da sail honetan», esan du Labordek.

Gizarte zerbitzuekin batera, kirol eta gazteria arloetako aurrekontuek ere hazkuntza izango dute. Datorren urtean, Eskola Kiroleko elkartearen eta begiraleen erregularizazio prozesua egingo dute eta horrek handituko du Kirol sailaren aurrekontua, zati batean. Behar Zana elkartearen 75. urteurreneko ospakizunetarako eta Xake Joku elkartearen 50. urteurrenetarako bideratutako laguntza berriek ere handitu dute sail honetako aurrekontua. %14 egingo du gora 2022an. Berdina gertatzen da Gazteria sailean ere: Gaztelekuko kudeaketaren kontratu berria sinatuko dute datorren urtean eta horrek %47,9eko igoera dakarkio sailari; gainera, Katea Etxea gaztelekuko ekintzetarako aurrekontua 2.500 eurotik 6.000 eurora igoko dute.

Beatriz Unzue alkateak elkarte eta eragileekin sinatzen diren diru laguntza hitzarmenetara bideratutako aurrekontua %4,85 haziko dela nabarmendu du. Guztira, 970.573 euro banatu ditu Amasa-Villabonako Udalak eta laguntza berriak izango dira tartean. Bizilabe programa sustatzeko Elhuyar fundazioari, Lurtaro elkarteari eta Tolosaldeko Arraun Klubari ematen zaizkionak azpimarratu ditu alkateak. 

Inbertsio zerrenda luzea
2022an 731.000 euro erabiliko ditu udalak inbertsio berrietarako eta zatirik handiena Olaederra kiroldegiko kantxaren birmoldaketan erabiliko du, zehazki, 115.000 euro. Udal gobernuko kideek nabarmendu dutenez, herriko kirolari federatuek Anoeta eta Tolosara joan behar izaten dute Villabonako kiroldegiko kantxa ez dagoelako erabilgarri. «Egoera penagarria da eta lehentasunezkoa da lan horiek egitea», esan dute gobernuko kideek.

2021-2030 Energia planeko inbertsioetarako hurrengo urtean 50.000 euro erabiliko ditu udalak eta Fleming herri eskolarako inbertsioetarako, berriz, 70.000 euro. Horrekin batera, komun publikoak (57.000 euro) eta Erreboteko plazan ur parkea (41.548) jartzeko asmoa du udalak. «Dezenteko erronkak» direla aipatu du alkateak eta nabarmendu du datorren urtean gauzatuko dela, baita ere, azaroan egin den herri galdeketan irabazle suertatu den proiektua. «Aurrez onartutakoak ere gauzatuko dira 2022an, hala nola, kiroldegiko teilatuko obra eta Larrea parkearen estaltzea».

EAJren udal taldeak gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenari 20 zuzenketa aurkeztu dizkio, nahiz eta bakar bat ere ez den aurrera atera. Jeltzaleek ez dituzte lehentasunezkoak ikusten ur parkea edota komun publikoak jartzea. Azken puntu honi dagokionez, gaia «birdimentsionatu» beharra aipatu du EAJko Patxi Agirre zinegotziak. Aldi berean, 2022ko aurrekontuan sartu beharreko egitasmoen proposamenak zerrendatu ditu EAJk zuzenketetan: Txermingo aparkalekua birmoldatzea, Maiatzaren Lehena plaza estaltzea edota Etxeondoko aparkalekuen zorua konpontzea, esate baterako. 

Proposamen zehatzetatik harago, Agirreren esanetan, EH Bilduren aurrekontu proposamena aurrekoaren ildo beretik doa: «Non daude inbertsio estrategikoak? Aurrekontu honek ez du ez planifikaziorik, ez inbertsio estrategikorik. Non gelditzen da herriak oinezkoentzat behar duela esanez alkateak egiten dituen adierazpenak? Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari buruzko proposamenak non daude? Aurreko legealdian EAJri esker aurreratutako guztia, ezerezean geldituko denaren susmoa dugu». 

Aurkeztutako zuzenketak aintzat hartu ez direla ikusita, jeltzaleek kontrako botoa eman diote 2022ko aurrekontu proposamenari. «Guretzat EH Bilduren gobernuak ez du sinesgarritasunik. Badirudi legebiltzarrean abiatu diren elkarlanerako bideak ez direla iritsi Amasa-Villabonara».

Alderdi sozialistak ere aurkeztu dizkio zuzenketak 2022ko aurrekontuari eta udal gobernuak horietako bi txertatu ditu proposamenean. Dena den, Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak ezezko botoa eman dio 2022ko aurrekontu proiektuari, bere esanetan, zenbait partida «identitarioen» alde bozkatzea ulertezina izango litzatekeelako bere botu emaileentzat. Zenbait diru sailetan ikuspegi ezberdinak izatea ulergarritzat jo arren, PSE-EEk laguntza batzuk ezabatzea eskatu izana, «larria» iruditzen zaio udal gobernuari. «Nafarroa Oinez edo Herri Urratsi egiten zaizkion ekarpenak funtsezkoak dira euskara ikasteko, euskara ofiziala ez den lurraldeetan». 
Honenbestez, aldeko 7 botorekin eta kontrako 6rekin onartu du udalak 2022ko aurrekontua.

Gakoak

  • Aurrekontu osoa. 2022an 7.055.346 euroko aurrekontua izango dute. Kopuru horren %35,7 pertsonal gastuetara bideratuko dute. Udal langileek %2ko soldata igoera izango dute. 
  • Sailkako aurrekontua. Gizarte Zerbitzuen aurrekontuak %8,49ko igoera izango du 2022an. Etxez etxeko laguntza zerbitzuetara %24 gehiago bideratuko dute eta politika feministetara %10 gehiago.
  • Diru laguntzak. Aurtengo urtearekin alderatuta, datorren urtean elkarte eta eragileei udalak egiten dien ekarpena %4,85 handituko da.
  • Inbertsioak. Orotara, 731.000 euro bideratuko dituzte inbertsio berrietara. Olaederra kiroldegiko kantxa birmoldatzeko 115.000 euro erabiliko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!