Ekain Dominguez gaztea bidea egiten ari da crossfitean

Ataria 2021ko abe. 2a, 19:58

Billabonatarrak Espainiako Txapelketa irabaztearen baliokide den Badajoz Throwdown torneoa irabazi berri du asteburuan, 16 eta 17 urteko mailan.

Ekain Dominguez billabonatarrak crossfiteko Badajoz Throwdown txapelketa irabazi du iragan asteburuan, Espainiako Txapelketa irabaztearen baliokide dena. 16 urte izanik, 16 eta 17 urte arteko mailan eskuratu du lehen postua. «Ez nuen espero irabaztea», esan du Dominguezek. «Podiumaren bila joan ginen, baina lehenengo postua lortzea ez nuen aurreikusten. Sekulakoa izan zen, hasieran ez nuen sinisten».

Txapelketara joan aurretik sailkapen fase bat izan zuen, bideo bitartez. Behin sailkatu eta gero, egun eta erdiz zazpi ariketa egin zituzten parte hartzaileek. Ariketa horiek orduan eta hobe egin, puntu gutxiago lortzen dituzte, eta bukaeran puntu gutxien dituenak irabazten du txapelketa. Dominguezek 12 puntu lortu zituen eta bigarrenak 17 puntu.

Larunbatean lau proba egin zituzten eta horien ondoren Dominguezek 9 puntu zituen eta aurkari zuenak 10 puntu. Igandean beste hiru ariketa egin zituzten, eta hirurak irabazi zituen billabonatarrak. «Oso gogorra eta lehiatua izan zen txapelketa», esan du. Sailkapen orokorra irabazteaz gain lau probetan lehenengoa izan zen.

Ariketa horietan hainbat proba egitea egokitu zitzaizkien parte hartzaileei, besteak beste, korrika egitea, pisuak emanez mugimendu jakin batzuk egitea, pisu hila eta buruz behera 30 metro egitea.

Tolosa CrossFit taldeko kidea da Dominguez eta bi urte inguru daramatza kirol hori egiten. Astelehenetik larunbatera egunero bi ordu eta erdi eta hiru ordu bitarte entrenatzen du billabonatarrak. Igandea izaten du, beraz, atseden egun bakarra. «Egunero egin behar izaten da zerbait, crossfitak hori eskatzen baitu», gaineratu du Dominguezek.

Aurrera begira billabonatarrak Crossfit Games izeneko txapelketan parte hartzeko asmoa du. «Mundu mailako lehiaketa da», azaldu du. «Bideo bidez egiten den sailkapen fase bat du. Azken faserako edo finalerako, hamar onenak Estatu Batuetara joaten dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!