Etzi hasiko da IX. Antton Pebet Oroimenezkoa

Ataria 2021ko aza. 30a, 07:58

Orain bi urte egin zen azkeneko finalaren une bat.

Elite mailako eskuz binakako lehia final-zortzirenekin hasiko da eta finala urtarrilaren 2an izango da; etzi eta ostiralean bina partida jokatuko dira Bearzana frontoian.

Afizionatu mailako gizonezkoen pilota partidez gozatzeko aukera izango da beste behin Villabonako Bearzana frontoian. Etzi hasiko da IX. Antton Pebet Oroimenezko txapelketa, final-zortzirenekin, eta pilotari onenetarikoak ariko dira lehian. Binaka jokatuko dute eta guztira hamabi bikotek hartuko dute parte txapelketan.

Lehen jardunaldian, abenduaren 2an, bi partida izango dira jokoan. Lehenengoan Murua-Aizpuru eta Etxezarreta-Aranguren lehiatuko dira, eta bigarrengoan Exposito-Elizegi eta Azketa-Altuzarra. Ostiralean, abenduak 3, beste bi partida: Xabier Urbieta-Alduntzin eta Igoa-Arbizu lehenengoan, eta Eneko Labaka-Etxeberria eta Mata-Lizeaga bigarrengoan.

Irabazleek aurrera egingo dute, eta euren zain egon dira beste lau bikote final-laurdenetan, abenduaren 10ean eta 11n jokatuko direnak. Abenduak 2ko lehen partidako irabazleek Landa-Urruzola izango dituzte zain, eta bigarren partidako irabazleek Elola-Aldave. Abenduak 3ko lehen partidako irabazleek U. Alberdi-Garmendia bikoaren aurka jokatu beharko dute, eta bigarren partidako irabazleen aurkariak Espinal-Balerdi izango dira.

Finalerdiak abenduaren 17an, ostiralez, jokatuko dituzte, eta finala urtarrilaren 2an, igandean, izango da.

Txapelketaren helburuak Antton Pebet Behar Zanako pilotari ohia gogoan izatea eta pilota sustatzea direla azaldu dute Behar Zana elkartetik. «Gure lana oinarria lantzea da, txikitatik neskak eta mutilak pilotan aritzea, eta modalitate ezberdinetan. Hortik aparte, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako txapelketak ere antolatzea, besteak beste, pilotari onenak herrira ekarriz», azaldu du Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak.

BARRIKOTEA

Behar Zana elkarteak 75. urteurrena ospatuko du 2022an eta giroa pixka bat berotzeko barrikotea antolatzea pentsatu dute. Abenduaren 11n izango da, 14:30ean, Behar Zana elkartean. Menuan, sagardoa barrikotean, txorizo pintxoa, bakailao tortilla, haragia saltsan, sagar pudina, kafea eta kopa izango dira, eta trikitilariak izango dira giroa alaitzeko. Txartelak 25 euro balio du eta Txurrut tabernan, Iru Aldeta tabernan eta Behar Zana elkartean erosi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!