Bolatokia estaltzea eta padel pistak eraikitzea izan da proiektu irabazlea Herri Galdeketan

Leyre Carrasco 2021ko aza. 28a, 20:09

Guztira 1.033 izan dira beren bozka eman duten herritarrak, eta hamaika proiektuen artean herritarren babes handiena lortu duen proiektua izan da Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea, 1221 punturekin. 

Amasa-Villabonako Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziak martxan jarritako parte hartze prozesua amaierara iritsi da, azaroaren 19tik gaur arte luzatu den Herri Galdeketarekin. Hamaika proiektuen artean puntu gehien lortu dituena izan da Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea, 1221 punturekin. Datozen egunetan proiektu hau proposatu zuen herritarrarekin harremanetan jarriko dela jakinarazi du udalak, eman beharreko pausuak adosteko, eta 2022. urtean proiektua eraikitzen hasteko konpromisoa hartu du.

Proiektu honen aurrekontua 396.590 eurokoa izanik, ezin izango da beste proiekturik egin, Udalak parte hartze prozesu honetarako ezarritako aurrekontua 400.000 eurokoa izan baita. Hala ere, gainontzeko proiektuek lortutako babesa etorkizun baterako kontuan izango dutela jakinarazi du Xabat Laborde alkateordeak: "Hasieran esan genuen bezala, proiektu garaile ez izateak ez du esan nahi proiektu hori sekula egingo ez denik. Prozesu honen emaitza Olaederra bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea izan da, baino galdeketa honetan ere badaude beste hainbat proiektu babes zabala lortu dutenak udal bezela kontutan hartuak izango dira hor dauden beste hainbat proiektu. Nahiz eta lehen fasean ezin izango dugun 2022. urtean egiteko konpromisoa hartu, galdeketa honek ere beste hainbat informazio ematen digu. Adibidez, ikusten da Txermingo aparkalekua erabiltzearen beharrak ere mobilizatu dituztela herritar dezentek, puntu asko lortu dituen proiektua izan baita. Beraz, guk ere hori kontutan hartuko dugu, aurrerantzean heldu beharreko gai bat dela iruditzen baitzaigu".

Parte hartze zabala eta balorazio positiboa

Horrez gain, lortutako parte hartze zabala azpimarratu du Udalak, guztira 1.033 izan baitira beren bozka eman duten herritarrak, 16 urtetik gorako erroldatuen %20,8ak. Horregatik, Udalak balorazio "oso positiboa" egin du, "horrelako parte hartze prozesu batean 1.000 herritarretik gorak parte hartzea ez da zifra makala, batez ere asteburuan izan dugun eguraldi makurra kontuan izanda". Telematikoki bozkatzeko sistemak behar bezala funtzionatzeaz gain, bozketa presentziala ere espero bezala garatu dela aipatu du gainera.

Udaletik "poztasuna" adierazi dute, parte hartze prozesu honen hasieran ezarritako helburuak bete direlako eta Amasa-Villabonan inoiz egin den parte hartze ariketa handiena garatu dutelako: "Prozesu hau mugarri oso garrantzitsua izango da zalantzarik gabe, eta galdeketaren emaitzaz haratago, herria izan da garailea".

Datorren astean, Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziaren bilkura izango da prozesuaren balorazio sakonago bat egiteko alderdi politikoetako ordezkariekin batera.

Emaitzak

1.- Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea, padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea: 1221 puntu
2.- Txermingo aparkalekua eraberritzea eta inguruaren urbanizazioa: 1079 puntu
3.- Skate park-a Olaederra Kiroldegiaren inguruan: 909 puntu
4.- Maiatzaren lehena plaza ondoko haur-parkea estaltzea: 545 puntu
5.- "Bike park" edo bizikletan aritzeko gune zabala sortzea Otsabin: 457 puntu
6.- Txermin auzoan Zubimusu Ikastolaren alboko kalea oinezkoentzat jartzea: 431 puntu
7.- Etxeondo auzoko plazaren zoladura konpontzea: 295 puntu
8.- Parke megalitikoa egitea Komizarko naturgunean: 219 puntu
9.- Parke bio-osasungarria Kale Nagusiaren hasierako pasealekuan: 186 puntu
10.- Kalistenia parkea jartzea Otsabiko parkearen alboan: 175 puntu
11.- Erreboteko plazaren arkupeetan eta bere inguruan panel berriak jartzea (Erreboteari buruzkoak): 71 puntu

* Bozka zuriak: 3. Baliogabeko bozkak: 3.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!