Herri galdeketan 11 aukera zabalik

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 24a, 07:59
Asteburuan Gurea zinema aretoko erakusketa gelan ikusgai izan dira proiektuak. Amasa-Villabonako Udala.

Amasar eta billabonatarrek telematikoki bozkatu ahal dute etzira arte udalaren web orrian; bozketa presentziala Gurea zinema aretoan egin ahal izango da larunbatean, egun osoz, eta igandean 15:00ak arte

2022an Amasa-Villabonako Udalak gauzatuko duen proiektua herritarrek erabakiko dute, herri galdeketan aukeran jarri dituzten 11 proiektuen artean. Azaroaren 26ra bitartean Villabona.eus webgunean bozkatu ahal izango dute herritarrek NAN zenbakia eta telefono zenbakia jarrita. Bozketa presentziala, azaroaren 26an, larunbata, 10:00etatik 20:00etara egingo dute Gurea zine aretoko sarreran, eta igandean 10:00etatik 15:00etara.

Herritarrek gutxienez proiektu bati hiru puntu eman beharko dizkiote, alegia, gutxienez gehien gustatzen zaiena aukeratu beharko dute. Bigarrena eta hirugarrena markatzea hautazkoa izango da.

Botoen kontaketa igandean 15:00etan hasiko da eta Gurea zinema aretoan bertan egingo duten ekitaldi publikoan jarraitu ahal izango da. Puntu gehien jasoko dituen proiektua gauzatzeko konpromisoa hartu du udalak. 400.000 euro gorde ditu horretarako.

Herritarren Parte Hartze batzorde berezian parte hartzen duten ordezkari politikoek deia luzatu diete herritarrei herri galdeketan parte hartzeko. Haien iritziz prozesua «mugarri garrantzitsua» izango da Amasa-Villabonako herritarrak ahalduntzeko eta udal politiketan herritarren hitza eta erabakia kontuan izateko.

ZIRKUITU BIO-OSASUNGARRIA

15.000 euro. Herriko adinekoek ariketa arinak egiteko gune bio-osasungarriak jartzea proposatu da. Zehazki, parkea, Kale Nagusian kokatuko da, Kale Berriko 2, 4 eta 6 zenbakien atzealdearen parean.

TXERMIN AUZOA OINEZKOENTZAT

60.000 euro. Eremua biziberritzea lortu nahi da proiektuarekin. Pertsonen joan-etorria erraztea eta adingabeen eta haien laguntzaileen segurtasuna hobetzea ekarriko du egokitzeak, ikastolako sarrera eta irteeretan.

TXERMINGO APARKALEKU BERRIA

320.000 euro. Bertako herritarrentzat aparkaleku faltaren arazoari konponbidea emateko egitasmoa da. Udalerriko erdiguneko ibilgailuen trafikoa arindu eta aparkalekuari kalitatezko alternatiba eskainiko dion proiektua.

PARKE ESTALIA KIROLDEGI ATZEALDEAN

100.000 euro. Ekonomikoki bideragarria eta materialei dagokionez iraunkorra izango den proiektua aurkeztu dute. Leku egoki batean kokatuta dagoen haur parke estaliaren beharrari erantzungo dio proiektuak.

PADELA, BOLATOKIA ETA MULTIEKINTZA

396.590 euro. Hiru proiektu eraikin batera aurreikusten ditu egitasmoak: estalitako bi padel pista, bolatokia estaltzea, eta balio anitzeko espazio estali berri bat kirol eta kultur ekitaldiak egiteko.

PANEL BERRIAK ERREBOTE PLAZAN

25.000 euro. Aurretik Errebote plazaren birgaitzean errebotearen historiari buruzko panelak jarri ziren. Orain, lan horretan sakondu nahi dute panel berriak ezarriz.

KOMIZAR PARKE MEGALITIKOA

25.785 euro. Parke megalitiko honen bidez antzinako monumentuak ezagutzera emango dira, hausnarketa eta hezkuntza sustatuz. Historiaurreko arbasoek egindako hainbat monumenturen erreplikak jarriko dira Komizar parkean.

SKATE-PARK-A KIROLDEGIAREN ALBOAN

277.000 euro. Diseinu propioa izango du, hormigoizkoa eta 763 metro karratuko eremua izango da. Zirkuituaren erabilera nagusia skatearena izango da, baina horrez gain edozein motatako patinete eta patinekin erabili ahal izango da.

KALISTENIA PARKEA OTSABIKO PARKEAN

25.000 euro. Otsabiko parkean kalisteniarako gune bat egitea proposatu dute. Egunetik egunera jarraitzaile gehiago erakartzen dituen kirol modalitatea da. Ohiko gimnasioen alternatiba dibertigarria bihurtu dira kalistenia parkeak.

ETXEONDO PLAZAKO ZOLADURA KONPONTZEA

90.000 euro. Plaza horretako zoruaren egoera txarrak (desnibelak, zuloak, arrakalak) putzuak eta uholdeak eragiten ditu garajeetan. Arazoa areagotu egingo da eta konponketa sakona behar du.

JOLASTUZ BIZIKLETAN IKASTEKO PARKEA

93.643 euro. Herriko natura gunean kokatuta, adin ezberdineko herritarrek naturaz eta bizikletaz gozatzeko gunea izango da. Modu seguruan kirolaz gozatzeko bizikleta parke bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!