Ume krosa egin dute Amasako sanmartinetan

Ataria 2021eko azaroaren 13a

Sanmartin festen barruan gaur ume krosa egin dute Amasan. Haurrek, gaztetxoek, alebinek eta gurasoek parte hartu dute karreran.

Giro onean ospatu dute gaur Amasan ume krosa. Seigarren mailara arteko gaztetxoek hartu ahal izan dute parte lasterketan herrian zehar antolatutako zirkuituan. Mailaka parte hartu dute korrikalariek: haurrak, gaztetxoak eta alebinak. Benjamin mailakorik ez da aurkeztu krosean parte hartzeko.

San Martin festen barruan gaztetxoen artean kirolzaletasuna bultzatzeko asmoz antolatzen du festa batzordeak umeen krosa. Parte hartzaile guztiek Amasa 2xi2xi logoa daraman buff-a jaso sari gisa, eta TodoTodo merkataritza zentroak babestu duenez ekimena, korrikalariek jan-edanak jaso dituzte lasterketa amaituta.

Parte hartu duten ume eta gaztetxoen gurasoek ere hartu dute parte lasterketan. Helmugara denak elkarrekin eta besoak altxatuta iritsi dira, euren seme-alaben txalo artean. Familia argazkia egin ondoren amaitu dute goizeko ekimena.

Eguerdian herritarren arteko kirol proba egin dute eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera bertsolariak ariko dira elizan. Unai Mendizabal, Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaranek jardungo dute bertsotan, Imanol Artola Felix gai-jartzaile dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!