Gehigarria: etxebizitza

Etxebizitza berriak sortzerik ezean, hutsik daudenak betetzea helburu

Ataria 2021ko aza. 16a, 09:50

Herrian hutsik dauden etxebizitzen kopuruak zehaztu eta gaiaren garrantziaz jabetzeko, azterketa bat egin berri du Amasa-Villabonako Udalak. Guztira, 277 etxebizitza daude hutsik bertan (herri osoko bizitokien %10); horietatik gehienak, landa eremuan: Amasa, Legarreta, Otsabi... «Erdigunean hutsik dauden etxebizitza asko egoera txarrean daude, zaharkituta», adierazi du Xabat Laborde alkateordeak.

 

Amasa-Villabonako Udalarentzat, «luxu handiegia» da beraiena bezalako herri batean ia 300 etxebizitza hutsik egotea. «Herritarren beharrak kontuan izanda, altuegia da kopurua. Ez gara bigarren etxebizitzak dituen herri bat».

Honezkero, billabonatar ugarik eman dute izena Eusko Jaurlaritzaren Etxebide programan. Ondorioz, etxebizitza hutsen arazoa «lehentasunezko gaia» bilakatu da udalarentzat. «Bizitoki horiei irtenbide bat ematea da helburua, ahal bada, alokairuaren bidez». Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, elkarlan hitzarmen bat sinatu nahi du udalak Etxebizitza Sailarekin.

Hutsik dauden etxebizitza asko herentzian jasotakoak dira, baina jabe berriak ez daude herrian, kanpoan bizi direlako. «Badakigu etxebizitzak zeintzuk diren eta norenak diren; beraz, hutsik mantentzeko jabeek dituzten arrazoiak ezagutu nahi ditugu, euren iritzia errespetatuz». Jabeekin izan beharreko harreman horietan, udalaren nahia «mahai gainean aukera ezberdinak jarri eta erraztasunak ematea» izango dela aurreratu dute. «Zubi-lanak egingo ditugu, jaurlaritzaren programen abantailak eta baldintzak jabeei zuzenean aurkezteko. Esaterako, Bizigune programak, prezio duineko alokairuak eskaintzen dizkiete herritarrei».

Baliteke etxebizitza hutsen jabeek proposamen berrien inguruan interesik ez azaltzea. Hala ere, udalak eskuartean duen aukera bat, edo erabakietan eragin ahal izateko tresnetako bat, hutsik geratzen diren etxeei karga fiskala edo zerga areagotzea da. «Programa hauetan parte hartzea erabakitzen dutenei, berriz, zerga arintzea aztertzen ari gara». Gauzak horrela, tendentziari buelta emateko esperantza du udalak.

Behar ugari, eskaintza urria

Etxebizitzen gaiarekin lotuta, Amasa-Villabonan bada beste arazo bat: «Herriak duen orografiagatik eta eraikitzeko aproposak izan daitezkeen eremuak ez ditugunez, epe motzean etxebizitza eskaintza berri bat eduki ahal izateko zailtasunak izaten ari gara. Hori dela eta, gazte askok jo dute herritik kanpo bizitzera, horrek suposatzen duen galera ekonomikoarekin. Etorkizunerako ere kolpe handia litzateke, berriro herrira itzultzea oso zaila izaten baita».

Horri, alokairu eskaintza urria gaineratu behar zaio: «Herritarren beharrak ugariak dira, baina eskaintza oso txikia da, eta gainera, oso garestia». Une honetan, 600 euro inguruan kokatzen da alokairuaren prezioa, goranzko joerarekin. «Traba handia da gazteentzat. Herrian geratu nahi dute, baina baldintza horiekin oso zaila da».

Alkateordearen iritziz, jabe askok euren etxebizitzak alokairuan ez eskaintzearen beste arrazoietako bat, jabe horiek izan ohi duten beldurra da. «Pisuak okupatzearen beldurra izaten dute, edo alokairua ez ordaintzearena, edo etxeari eragindako kalteek eragindakoa. Horri ere aurre egin beharko diogu, baina badira horrelakorik ez gertatzea ahalbidetzen duten tresnak».

Udalak argi du zein den bere egitekoa: «Alokairuen prezioa erregularizatu behar dela diote, eta ados gaude, baina ezin gara zain geratu. Etxe berriak sortzerik ez badugu, hutsik daudenak merkatura eraman nahi ditugu, jendez bete daitezen. Etxebizitzak hutsik edukitzeak ez dio inolako ekarpenik egiten herriari, karga bat besterik ez da guretzat. Ezin dugu onartu jendea etxerik gabe eta etxeak jenderik gabe egotea».

  • Etxebizitza hutsak: 277, herriko bizitokien %10
  • Kokapena: Gehienak landa eremuan
  • Webgunea: Villabona.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!