Jokin Urkizu pilotuak Kopa Toyota Kobe irabazi du

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 10a, 11:58

Debora Frutos eta Julen Urkizu, kotxera igota, taldekideekin eta senitartekoekin Kopa Toyota Kobe irabazi izana ospatzen.

Gidari amasarrak Espainiako Txapelketa eskuratu du lur gaineko rallyetako maila horretan debuta eginda, eta talde lana nabarmendu du garaipena lortzeko.

Jokin Urkizu pilotu amasarrak Espainiako Txapelketa lortu du Kopa Toyota Kobe mailan. Lur gaineko rallyan lehiatzen dira, eta maila horretan debuta eginda lortu du garaipena. «Oso gustura gaude lortutakoarekin», esan du Urkizuk, eta garaipena talde osoarena dela nabarmendu du: «Ikusten ez den lan handia dago. Kotxe barruan egiten dena parte bat da, baina asteburua luzea izaten da eta lan handia egin beharra dago bai karrera aurretik, han bertan eta ondoren, eta beraiek gabe ezinezkoa izango litzateke irabaztea». Gidari laguntzaile moduan Debora Frutos andoaindarra izan du, eta mekaniko lanetan Jokin Zendoia billabonatarra, eta Julen Corrochano, Ander Martinez eta Eneko Lazcoz andoaindarrak.

Bost probatan banatzen da kopa eta horietatik lehenengoan bigarren geratu ziren eta lehenengo postua lortu zuten hurrengoetan. «Oso urte ona egin dugu, oso erregularrak izan gara eta karrera guztietan puntuatu dugunez, azkeneko karrera egin aurretik txapelketa itxita utzi genuen», esan du Urkizuk.

Ez zuten espero txapelketa irabaztea. «Berriak ginen, aurreneko urtea, Euskal Herri mailan parte hartu izan dugu, eta ondo atera zaigu, baina Espainiakora salto egiten duzunean ez dakizu ondo nola izango diren gauzak. Uste baino hobeto atera zaigu, eta oso gustura gaude», esan du Urkizuk. 2016an hasi zen rallyetan, asfaltoan. Lau urtez horretan aritu zen, Nafarroan egiten den kopa batean lehiatzeko aukera izan zuten, eta bigarren urtean txapeldun izan ziren.

Emaitza horiek ikusita, mailaz igotzeko aukera ikusi zuten, baina ekonomikoki noraino iritsi zitezkeen pentsatuz. «Kopa Toyota Koben kotxea txikia da, eta ikusi genuen aukera genuela. Guk aurrekontu txikia darabilkigu eta arriskua hartu genuen», esan du Urkizuk. Berez, iaz nahi izan zuten parte hartu, baina COVID-19a dela eta bertan behera geratu zen eta aurten animatu dira. Hurrengo urteari begira mailaz igo nahiko lukete, Kopa Kumho N3 izeneko txapelketan parte hartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!