Giza eskubideen urraketen inguruko webgunea, eskura

Ataria 2021ko aza. 9a, 07:59

Aranzadi zientzia elkartea Amasa-Villabonako herritarrek jasandako giza eskubideen urraketen inguruan ikertzen ari da; webgune bat sortu dute.

Amasa-Villabonako herritarrek 1960tik gaur egunera arte jasan dituzten giza eskubideen urraketak eta sufrimenduak webgune batean bildu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Azken bi urteetan ikerketa lana egiten ari da Aranzadi, eta lan horren emaitzak amasa-villabona-oroimena.eus webgunean kontsultatu daitezke. 

Azaroaren 10ean, bihar ospatuko da memoriaren eguna. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak gogorarazi duen moduan, "gure herrian inoiz gertatu behar ez ziren motibazio politikoko indarkeriaren, terrorismoaren eta polizia gehiegikeriaren biktima guztiak aitortzeko eta oroitzeko eguna da". Horren harira, agerraldia egin zuten atzo goizean alkateak berak, Patxi Agirre, Maria Luisa Arija eta Xabat Laborde zinegotziek eta Javi Buces Aranzadi elkarteko ikerlariak. Memoria eta Bizikidetza Batzordetik biktima guztien duintasunaren aldeko konpromisoa erakusten jarraitu nahi dutela esan dute, "biktima horiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea merezi baitute". 

Giza eskubideen urraketak berriro gerta ez daitezen helburu, lanean jarraituko dutela ere esan dute. Horren adibide da Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den lana. Javi Buces ikerlariak esan duenez, "izen-abizenak jarri nahi dizkiegu giza eskubideen urraketak eta beste sufrimenduak pairatu zituztenei". Horretarako, hainbat artxibo kontsultatu dituzte, baina modu paraleloan, herritarren testigantzak jasotzen ere aritu dira. Batzuetan, dokumentatu ahal izateko modu bakarra testigantzak biltzea dela azaldu du: "Sufrimendu guztiak ez daude artxiboetan". 

Ikerketa lan horretan,  Aritza Kultur Elkarteak gerra eta gerraosteko memoria berreskuratzeko egin duen lana ere baliatu dute. "Aritzakoek identifikatutako biktimak sailkatu egin ditugu, eta Aranzadik identifikatutakoak ere sailkatuta jarri ditugu webgunean", azaldu du Bucesek. 

Webgunean bi atal bereizi daitezke, batetik, oroimen historikoa, 1936ko gerra eta lehen frankismoa barne hartzen dituena, eta bestetik, gertuko memoria, 1960. urtetik gaur egun artekoa. Bi epealdi horietan izandako gertaerei buruzko informazioa, biktimen biografiak, testigantzak eta beste bildu dituzte. Esaterako, oroimen historikoaren atalean, 107 pertsona identifikatu dituzte gaurdaino, eta gertuko oroimenaren atalean, bederatzi elkarrizketa egin dituzte, eta momentuz lau argitaratu dituzte. 

Kolaboratzeko deia

"Honekin ez da ezer amaitzen, hemendik aurrera ere lan egiten jarraituko dugu", esan du Aranzadiko ikerlariak. Memoria eta Bizikidetza Batzordetik gonbidapena egin die herritarrei beren ekarpena egin dezaten, bere lekukotza emanez edota argazkiak edo dokumentuak gehituz edo zuzenketak eginez. "Horrek asko lagunduko digu gertatutakoa hobeto ezagutzen eta jasandako eskubide urraketak ez ahazten". Harremanetan jartzeko, webgunean atal bat gaitu dute, edo bestela, Aranzadira ere deitu daiteke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!