Euskararen erabilera normalizatzeko Udal-Ordenantzaren 30. urteurrena ospatu dute Villabonan

Leyre Carrasco 2021ko aza. 7a, 17:14

1991. urteko udalbatzako kideak eta euskara zinegotziak izan dira goizean udaletxeko batzar aretoan ospatu den ekitaldian, eta guztiek euskara bultzatzen jarraitzeko konpromezua berretsi dute.

Duela 30 urte, 1991ko azaroaren 7an, Amasa-Villabonako udalbatzak pausu oso garrantzitsua eman zuen; alde batetik, udala bere erakunde publiko gisa euskalduntzeko, eta bestalde, herria euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko. Gainera, urte hartan, beste udal gehienek baino lehen, euskara bultzatzeko araudia aho batez onartu zuten, eta geroztik indarrean jarraitzen du. Hori dela eta, gaur euskara erabilera normalizatzeko udal-ordenantzaren 30. urteurrena ospatu dute.

"Gobernu bezala, duela 30 urte udalak eman zuen urrats hori balorean jartzeko eta eskertzeko urteurrena baliatzea tokatzen zela pentsatu genuen. Izan ere, bere garaian euskararen alde hartutako pausu oso garrantzitsua izan zela iruditzen zaigu, horri esker udalak hizkuntza politika eraginkorrago bat garatzea ahalbidetu zuelako. Guk urrats hori aitortu, udal batzari eskertu, eta urte hartan euskararen normalizazioaren bidean ibilbide berri bat hasteko lortu zen adostasuna azpimarratu nahi genuen", azaldu du Amasa-Villabonako euskara zinegotzia den Xabat Labordek.

Horrez gain, orduz geroztik ere egin den lana balioan jarri nahi izan dutela aipatu du, eta 19991. urtetik gaur egun arte euskara zinegotzi bezala lanean aritu direnenei eskertza helarazi diote. "Hemen ez da ezer bukatzen, eta lanean jarraitzen dugu euskararen alde, baina batzuetan komeni da atzera begiratzea eta eskerrak ematea merezi dutenei", esan du Labordek.

Horien artean aipamen berezia egin nahi izan diote orduko euskara zinegotzia izan zen Xabier Zabalari. "Ni buru izan arren, hori gauzatu ahal izateko jende askok parte hartu zuen. Hala ere, aitormen positiboa izan da, garai hartan genituen pentsamolde desberdinak testu batean gauzatzeko bere eragina izan duelako, baina era berean, lagungarria ere izan da. Hori zorionekoa da denontzat, batez ere, euskararentzat".

1991tik gaur egun arte

"Alde batetik, euskalduntze prozesua aurre egin du, datuak ikusi besterik ez daude, eta gure artean dauden euskara jakitunak geroz eta gehiago dira", adierazi du Zabalak. Udalak emandako datuen arabera, gaur, Amasa-Villabonan bizi diren ia %80a euskalduna da, euskara hitz egin eta ulertzeko gai baitira. 1991etik asko hazi da bai euskararen ezagutza, baita erabilera ere. Hego Euskal Herriko beste 90 herriekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen du Amasa-Villabonak, hain zuzen. Hala ere, azken urteetan euskararen erabilerak atzerakada izan duela aipatu du udalak, eta horregatik, euskararen erabilera indartzen jarraitzeko konpromezua berretsi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!