Hondakin arriskutsuak erretiratu dituzte Amasamenditik

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 2a, 15:00

Amasa-Villabonako Udala eta Urtzain taldea herriko natura guneak garbitzen hasi zirenetik, 5.500 kilo hondakin bildu dituzte herriko eremu naturaletatik.

Amasa-Villabonako Udalak, Urzain taldearekin adostu bezala, natura guneen hileroko garbiketarekin jarraitzen du, eta dagoeneko zazpigarren hilabete bete du.

Urriaren 18tik 22ra aurreko hilabeteetan garbitutako eremuen errepasoa egin dute: Oria ibaiaren ibilgua eta ibai bazterrak garbitzen jarraitu dute (Beilatokitik Agaraitz industrialderaino), Sacem-etik Zizurkilgo mugaraino eta Ubegun industrialderaino.

Aste guztian zehar bildutako hondakinak, gaika sailkatuta

  • Plastikoa: (30L-ko 23 Zabor Poltsa) 31,975 Kg
  • Plastiko botilak: (88 Botila) 3,860 Kg
  • Plastiko gogorraA: 97,960 Kg
  • Papera: 2,925 Kg
  • Beira: (37 beirazko edukiontzi) 12,720 Kg
  • Errefusa: 7,780 Kg 
  • Arropa: 28,170 Kg
  • Metala: (198 Lata) 64,130 Kg
  • Egurra: 53,845 Kg
  • Obra hondakinak: 28,835 Kg
  • Hondakin elektronikoak: 11,865 Kg
  • Neumatiko/Kautxo hondakinak: (6 kotxe gurpil) 40,420 Kg
  • Pilak: (3 pila) 0,075 Kg
  • Poliespana: 0,990 Kg
  • Kristala/Zeramika: 0,515 Kg
  • Musukoak: (20) 0,115 Kg
  • Toallitak: (± 186) 6,150 Kg
  • Fitosanitarioak: (4 garbikari botila + amoniako botila 1) 2,735 Kg
  • Kotxe olioa: (5l-ko edukiontzi hutsa) 0,600 Kg
  • Beste batzuk: 5,580 Kg

Aldiro egiten den moduan, jasotako hondakin guztiak Tolosaldeko Mankomunitateak dituen bi garbiguneetan kudeatu dituzte. Azpimarratu dute, udala eta Urtzain taldea herriko natura guneak garbitzen hasi zirenetik, 5.500 kilo hondakin bildu dituztela Amasa-Villabonako eremu naturaletatik.

Amasamendin hondakin arriskutsuak erretiratu dira

Basozainak hondakinen arriskutsuei jarraipen berezia egin die 2020an eta ikusi ahal izan du urteetan hondakinak pilatzen joan direla Amasamendin. "Horrela jakin da Andoaingo herritarrak zirela bertara hondakinak botatzen zituztenak", aipatu dute udaleko iturriek.

Hori horrela, Amasa-Villabonako Udala Andoaingo Udalarekin harremanetan jarri eta Andoaingo Udalak bertako bizilagunei jakinarazi zien hondakinak natura guneetara botatzea debekatuta dagoela. Horrekin batera, Andoaingo Udalak, Amasamendiko Andoaingo eremuaren sarreran kartel bat jarriko du bertara hondakinak botatzea debekatuta dagoela gogoraraziz. Behin hori guztia azalduta, bertan pilatutako hondakin guztiak jaso eta modu egokian kudeatzea Amasa-Villabonako Udalari zegokionez, horrela egin du.

Jasotako hondakinen artean uralita zegoela ikusirik, bilketa eta kudeaketa berezia egin behar izan dute, Eusko Jaurlaritzak egiaztatutako enpresa baten bidez. Lanak bukatu ostean, zonalde honetan ere kartel bat jarriko dute hondakinak botatzea debekatuta dagoela adieraziz.

Udalak 5.989 euro bideratu behar ditu Amasamendiko eremu honetako hondakinen bilketa berezira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!