'Ataria Irratia'-n zuzenean jarraitu ahalko da azoka ekologikoa

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 29a, 13:04

Ataria Irratia Alegian, bertako jaietan eginiko saio berezian.

Zuzeneko saioa eskainiko du Ataria Irratiak Villabonan egingo den azokatik, 10:00etatik 14:00etara. 

Amasa-Villabonan azoka ekologikoa antolatu dute lehenengo aldiz igande honetan, hilaren 31an, Errebote plazan. Udaleko Ingurumen sailak, Biolur elkarteak, Ekolurra-ENEEK eta Tolomendik elkarlanean antolatu dute azoka, eta Ataria ere bertan izango da. Hain justu, zuzeneko kontakizuna egingo du azoka hasten den unetik, 10:00etatik, 14:00etara. Nagore Arin eta Asier Imaz kazetariek gidatuko dute saio berezia, eta hainbat gonbidatu izango dituzte goizean zehar.

Azoka berezi honetara eramango diren produktu guztiak modu ekologikoan ekoiztutakoak izango dira, eta beraz, bertaratzen direnek natura errespetatuz eta inolako kalterik eragin gabe ekoiztutako produktuak erosteko aukera izango dute. Hala, modu ekologikoan ekoizten duten 16 postu edo ekoizle izango dituzte Errebote plazan igandean: ogia, gozoak, gazta, arropa, eztia, barazkiak, kontserbak, fruta… izango dira, besteak beste.

Postuekin batera, kalabazak apaintzeko tailerra egingo dute udaletxe azpian, 10:00etatik 12:00etara. 12:00etan Javi Ribero sukaldariarekin show cooking saioa izango da, eta 12:00etatik aurrera kantina jarriko dute Berdura plazan.

Bada, azokan gertatzen denaren berri irrati bidez jarraitzeko aukera izango da, Ataria Irratia-rekin (FM bidez 107.6 edo bestela Ataria.eus-en) igande goizean bat eginda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!