Julen Zelarainen akusazioa erretiratzea erabaki du Jose Perals fiskalak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021ko urr. 29a, 11:32

13/13 auziko epaiketako saioa izaten ari dira orain, Madrilen. Fiskalak ez ezik, AVT akusazio partikularrak ere erabaki du Zelarainen akusazioa bazter uztea.

13/13 auziko epaiketa saioa hasi dute Madrilen, orain minutu batzuk. Espainiako Auzitegi Nazionalean dira. Berriki, Jose Perals fiskalak jakinarazi du erretiratu eginen dutela Julen Zelarain auzipetuaren akusazioa. Peralsek ez ezik, berdin egin du AVT akusazio partikularrak ere. Hala, akusazioen aulkitik jaiki da Zelarain, epaileek baimenduta.

Beste auzipetuei dagokienez, akusazioak mantentzea erabaki dute auzitegian; Jose Peralsek azaldu duenez, Arantza Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» gisa akusatuak dira; Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi, ETAko «kide» gisan, eta Saioa Agirre eta Nerea Redondo, «laguntzaile» modura. 2018ko maiatzean ETAri atzemandako dokumentuak dira akusazio horiek egiteko frogen oinarria, Jose Perals fiskalaren arabera. Dokumentuak USB batean atzeman zituztela azaldu du: «Botika kutxa batean». Informazio horrekin egin zuten (H)alboka txostena.

Argudiatzen ari da Perals, Arantza Zuluetari buruz, lehenik: «Arantza ez zen ETAko presoen abokatu bat: ETAko abokatua zen». Are, fiskalaren arabera, Arantza Zulueta 2016an ETAko «buru» ere izan zen, «iraultza zerga» kobratzen zuen, eta diru hori lekualdatzen ere hartzen zuen parte, Peralsen esanetan. Baita ETAren «ituak» zehazten ere. Nabarmendu duenez, Zulueta «fronte juridikoko buru» gisa agertzen da hainbat dokumentutan. Gainera, Peralsek kontatu du lehergai batzuen kokapenari buruzko mapa bat ere atzeman ziotela Zuluetari. Haren iritziz, mapa bat edukitzea «lehergaiak potentzialki edukitzea» bezala da.

Oraintxe bertan, abokatuak salatzen ari dira epaiketan zehar «behar ez bezalako luzapen oso kualifikatuak» gertatu direla. Hain zuzen ere, aspaldi hasi zen prozesua: gamar urte baino gehiago iragan dira atxiloketetatik; 2010eko apirilean izan ziren. Abokatuek oroitarazi dute «irregulartasunak» izan direla bidean. Besteak beste, azaldu dute bi aldiz kausa beragatik epaitzen ari direla, errugabetasun presuntzioa urratu zaiela, eta ez dutela izan «epaiketa justu bat izateko eskubiderik». Horiek aintzat harturik, abokatuek defendatu dute urraketa horiek guztiak kontuan hartuko balira gehienez ere urte bat eta hilabete batzuetako zigorrak bete beharko lituzketela auzipetuek.

Nerea Redondoren kasuari erreparatu diote abokatuek. Jose Mari Elosua letraduak zehaztu du kasik lau urte pasatu zirela instrukzio fasean akusatuari buruz deus ikertu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!