Migraziorako euskal itun sozialarekin bat egin du udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 27a, 16:02

Amasa-Villabonako udalbatzak azkeneko osoko bilkuran bat egin du ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’ izeneko adierazpenarekin 

Ekintza eremua zabaldu eta udaletara hedatu dute Migraziorako Euskadiko Itun Soziala. Atxikipen kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietan, «demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko». Migrazio eta Asiloko zuzendaritzak udalei gonbita luzatu die adierazpenarekin bat egiteko eta aste honetan Amasa-Villabonako udalbatzak bat egin du Jaso nahiko genukeena eskaintzea kanpainarekin.

Udal gobernuak adierazpenari gehitutako hiru puntuetan itunaren garapen praktikoa bermatzeko urrats zehatzak emateko eskatu dio, aldi berean, Eusko Jaurlaritzari: «Politika migratorioak garatzeko erakunde arteko mahaia aktibatzea; itun honetan jasotzen diren asmoak konpromisoetan bilakatu eta erakundeen artean programak adostea; eta itunak jasotzen duena garatzeko baliabideak ezartzea».

Urriko osoko bilkuran udalbatzak adierazpenarekin bat egitea erabaki du, EH Bildu eta PSE-EEko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Oposizioko alderdiek ez dute beharrezkotzat ikusten Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatzak helaraztea. Dena den, Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak dokumentuari gehitutako hiru puntuak, «transzendentzia handirik gabekoak» direla argudiatuta, baiezkoa eman dio adierazpenari.

EAJk ustez, ordea, itunaren balioa batasun sozial eta politikoan dago eta zentzu hori desitxuratzen du jatorrizko testuari eskakizun zehatzak gehitzeak. «Dokumentu honi udalez udal eranskinak egiten hasiko bagina balioa galduko luke», esan du Patxi Agirre jeltzaleak. Eusko Jaurlaritzatik proposatutako testua bere horretan bozkatzeko eskakizuna egin du EAJren udal taldeak, eta eskaera atzera bota ondoren, udal gobernuak gehitutako puntuekin aurkeztutako adierazpenaren aurrean abstenitu egin dira EAJko zinegotziak.

Amasa-Villabonako Udalak migratzaileen beharrizanei ematen zaien erantzun solidario eta erantzulea sendotu nahi du ituna onartuta. Aldi berean, zeharkako batasun sozial eta politikoa eratu nahi du, xenofobiaren aitzakipean sortutako populismoen asmoak ezerezean uzteko. Horretarako 10 konpromiso zehatz biltzen ditu itunak, dagozkien eskumen esparruetan garatzeko. 
Jaso nahiko genukeena eskaintzea kanpainak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Egitasmoari amaiera emateko, erakunde ekitaldi bat egingo dute eta atxikitzen diren gobernu guztiei aitortza egingo zaie. Era berean, tokiko erakundeei jardunbide egokien gida bat emango zaie, 2022an Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren edukia erakundeen eta egokitzat jotzen dituzten taldeen artean zabaltzeko.

Kreditu aldaketa

Urriko osoko bilkuran alderdi politiko guztiek aho batez onartu dituzte Ogasun batzordean adostutako bi kreditu aldaketa. Olaederra kiroldegiko teilatua konpontzeko aurtengo aurrekontuan gordetako diru kopuruari gehikuntza egin diote eta udal gobernuaren asmoa da, behin exekuzio proiektua onartuta, lanekin 2022an hastea.

Komun publikoa ezartzeko lanak ere datorren urtean egingo ditu Amasa-Villabonako Udalak. 17.000 euroko gehikuntza egin diote hasieran gordetako diruari eta datorren urteko lehen hiru hilekoan obrak gauzatuta egotea espero dute udal ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!