Azoka ekologikoa egingo dute igandean

Ataria 2021eko urriaren 26a

Lehenengo aldiz Amasa-Villabonan, azoka ekologikoa antolatu dute hilaren 31rako Errebote plazan. Udaleko Ingurumen sailak, Biolur elkarteak, Ekolurra-ENEEK eta Tolomendik elkarlanean antolatu dute azoka.

Igandean, urriaren 31n azoka ekologikoa egingo dute Amasa-Villabonan. Azoka berezi honetara eramango diren produktu guztiak modu ekologikoan ekoiztutakoak izango dira; beraz, bertaratzen direnek natura errespetatuz eta inolako kalterik eragin gabe ekoiztutako produktuak erosteko aukera izango dutela nabarmendu dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek. Ekolurra-ENEEK elkarteak esan duenez ekoizpen ekologikoak hainbat abantaila ditu osasunean eta ingurumenean eta "hurrengo belaunaldiei ere bermatzen zaie lurraren emankortasun". "Izan ere, elikagai ekologikoak ekoizten diren tokian, ingurumena hobetzen da; arreta eta osasun printzipioak lehenesten dira, garbi daude eta gure planeta zaintzen dute", gaineratu du. Azokaren beste helburuetako bat da ekoizleak eta kontsumitzaileak aurrez aurre jarri, elkar ezagutu eta produktua bertatik bertara ikusi eta jasotzeko aukera eskaintzea.

Guztira, modu ekologikoan ekoizten duten 16 postu edo ekoizle izango dituzte Errebote plazan igandean: ogia, gozoak, gazta, arropa, eztia, barazkiak, kontserbak, fruta… izango dira, besteak beste.

Erosketa bonua eta sukaldaritza tailerra

Elikagai Ekologikoen Kontseiluaren informazioa gunera gerturatzen direnek galdetegi labur bat erantzuteko aukera izango dute eta horren truke azokan bertan erabiltzeko 3 euroko bonu bat jasoko dute. Eta sukaldaritza tailer bat izango da ere; 12:00etan hasiko da eta Javier Rivero sukaldariak eskainiko du. Azokako produktu ekologikoak erabiliz jakiak prestatuko dituzte.

Era berean kantina jarriko dute Berdura plazan bertan, 12:00etatik 14:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!