Amaitu dira Arratzaingo eskoletako jangelaren eraberritze lanak

Ataria 2021eko urriaren 6a

Jangelako sarrerako atea eta berogailu eta hodiak aldatu dira, leiho berriak jarri eta margotze lanak burutu dira. Udalak 19.727 euroko inbertsioa egin du.

Arratzaingo Fleming herri eskolako eta Erniobea BHIko jangela eraberritu du Amasa-Villabonako Udalak. Egunerokotasunaren erabilera dela eta, zaharkituta geratu zen espazio zen jangela eta urte luzez hobekuntzarik egin ez zenez, hainbat berrikuntzen beharra zuen.

Berritze lan hauetan burutu diren lanak honakoak dira:

  • Jangela sarrerako egurrezko atea aldatu da: Zuhaizki enpresa arduratu da horretaz eta 1.371 euroko kostua izango du.
  • Leiho berriak jarri dira: Arathermik enpresak gauzatu du lan hau 12.130 euroren truke.
  • Herdoilduta dauden jangelako berogailu erradiadoreak eta hodiak aldatu dira: Fontanería Robles enpresak egin du horien aldaketa, eta 3.896 euro bideratu dira lan hauetara.
  • Margotze lanak: lanari amaiera emateko, Sanz Margoak enpresak jangela margotu du. 2.329 euroko kostua izan du lan honek.

Eskola publikora zuzendutako 2021eko udal inbertsio planaren baitan, Udalak 19.727 euro bideratu ditu lan hauetara, baina, 13.675 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko Udalaguntza 2020 diru laguntza lerrora eskaera egin ostean.

Eraberritze honen xehetasun guztiak udaleko Hirigintza sailaren eta eskoletako zuzendaritzen artean, elkarlanean adostutakoak izan direla nabarmendu dute udal ordezkariek, eta ikasle eta irakaslean oporretan izan diren bitartean burutu direla.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!