235 parte hartzaile mendi bizikletako martxan

Ataria 2021eko urriaren 2a

Irrintzi Txirrindularitza Elkarteak antolatuta, III. BTT Martxa egin dute goizean zehar.

Ezin balantze hobea egin du Borja Aranzabe antolakuntzako kideak: "Giro bikaina dago, eguraldia ere ikaragarria, zirkuitua ere oso ondo zegoen, parte hartzaile kopuru aldetik tamaina polita eta antolakuntzatik zein parte hartzaileen aldetik gustura".

Aurreko bi edizioetan, euria zela eta, 200 parte hartzailetik behera izan ziren, baina gaurko eguraldiarekin 250 txirrindulari inguru espero zituzten, eta "erantzun polita" izan dutela azaldu du Aranzabek. "Orokorrean sentsazio onekin amaitzen ari dira parte hartzaileak. Batzuk nekatuta iritsi dira, eta orokorrean jendea gustura dago".

Unai Galartza billabonatarrak bigarren aldiz parte hartu du martxan eta Unai Arrieta amasarrak lehenengo aldiz. "Eguraldi oso ona izan dugu, eta Belabieta inguruan sekulako haizea, baina orokorrean bizikletan ibiltzeko oso ondo", esan du Galartzak. "Lokatz pixka bat ere bazegoen, baina hori ere eskertzen da", gaineratu du Arrietak. Antolakuntzak ibilbidea pixka bat aldatu egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuelako uzten bidezidorretatik joaten, baina "oso polita" geratu dela azaldu dute. "Kostata, baina egin dugu", esan dute bi txirrindulariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!