13 eserleku huts, epaiketari ezetz esateko

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 2a, 15:02

Julen Zelarain herritarrari eta 13/13 sumarioko beste auzipetuei babesa adierazteko mobilizazioak egiten ari dira Villabonan.

Goizeko zortzietatik hasita, orduero 13 minutuko mobilizazio edo ekitaldi bat egiten ari dira gaur egunean zehar Villabonan. 13/13 sumarioaren epaiketaren aurka protesta egiten ari dira, besteak beste, elkarretaratzeak eginez. Eguerdian akelarre moduko dantza saioa egin dute hainbat gaztek, eta gero elkarretaratzea izan da, herriko erraldoi eta buruhandien konpartsaren parte hartzearekin. 

Hainbat mobilizazio Malkar plazan egiten ari dira, eta bertan hamahiru aulki huts daude. Egitasmoaren antolakuntzako kidea den Eneko Galarragak azaldu duenez, aulki hutsen sinbologia hori aukeratu dute, sumarioaren izenarekin bat eginez, eta ez dituztelako "aulki horiek hutsik egon nahi", Julen Zelaraini eta bere familiari zein beste auzipetuei babesa eta berotasuna eskainiz. Galarragak gaineratu duenez, "sumarioak berak suposatzen duen injustizia" salatu nahi dute gaurko egitasmoarekin. "Horrez gain, errugabe ateratzen badira ere, sufrimendu asko ekarri die dagoeneko, eta esan behar da ere epaiketa bera zein baldintza txarretan eta zer fundamentu gutxirekin ematen ari diren aurrera". Gaur egiten ari diren jardueren balantze positiboa egin du, eta gogora ekarri du, besteak beste, arratsaldean manifestazioa egingo dela.

Hau da prestatu duten egitaraua:

  • 08:00. Gosaria Malkar plazan.
  • 09:00. Kontzentrazioa Berdura plazan.
  • 10:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 11:00. Slack-line plazan.
  • 12:00. Dantzak Malkar plazan.
  • 13:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 14:00. Kontzentrazioa Berdura plazan.
  • 15:00. Xake txapelketa Malkar plazan.
  • 16:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 17:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 18:00. Kontzertu akustikoa Malkar plazan.
  • 19:00. Manifestazioa herrian zehar.
  • 20:00. Pintxo-pote Berdura plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!