Astelehenean abiatuko dute kontsumo bonuen kanpaina berria

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 1a, 09:59

10 euroko balioa duten 16.200 bonu jarriko dira salgai astelehenetik aurrera. Abenduaren 11ra arte iraungo du kanpainak eta 47 saltokitan erabili ahal izango dira eskuratutako bonuak.

Amasa-Villabonako Udalak eta Oria merkatari elkarteak hirugarren kontsumo bonuen kanpaina jarriko du martxan urriaren 4tik abenduaren 11ra. Kanpaina aurkezteko agerraldian azaldu dutenez bonuak urriaren 4tik 29ra bitarte erosi ahal izango dira udal liburutegi ondoan dagoen balio anitzeko gelan, udaletxe azpian.

Herriko merkataritza sustatzeko apustu "irmoa" egiten jarraitzen du udalak, Beatriz Unzue alkatearen esanetan. "Herriko denda eta saltokiei esker Amasa-Villabonako kaleak bizirik diraute, eta aurrerantzean ere, horrela izaten jarraitzea nahi dugu". Egoera zaila bizi duen merkataritza sektorea biziberritzen jarraitu nahi du udalak hirugarren kanpaina honekin, alkateak aipatu duenez, "herriko merkataritzari balioa emanez eta erakutsiz herrian bertan erosketa aukera paregabeak ditugula".

Amasa-Villabonako Udalak hitzarmen berria sinatu du Oria merkatari elkartearekin eta bertan jasota dagoenez, hirugarren kontsumo bonuen kanpaina martxan jartzeko 60.000 euroko inbertsioa egingo du. 

Bonu pertsonalizatuak

Astelehenetik aurrera 16.200 bonu jarriko dira salgai eta 47 saltoki edo establezimendutan erabili ahal izango dira abenduaren 11ra bitartean. Garazi Dorronsoro Oria merkatari elkarteko kideak aipatu duenez, oraingo honetan, elkarteaz aparteko saltokiek ere kanpainan parte hartzeko aukera izan dute. Gainera, beste berrikuntza baten berri eman du: "Bonuak pertsonalizatuak izango dira, txartel bakoitzean establezimendu konkretu baten izena agertuko da, beraz, erosleak bonuak erosterakoan aukeratu beharko du zein saltokietarakoak nahi dituen".

Bonu bakoitzak 10 euro balio izango du eta hirunaka salduko dira, eta asko jota, herritar bakoitzak 9 erosi ahal izango ditu. Honenbestez, pertsona bakoitzak 3, 6 edo 9 bonu erosi ahal izango ditu. 20 euro ordainduta erosleak 3 bonu eskuratuko ditu, eta beraz, 30 euro gastatu ahal izango ditu herriko saltokietan; 40 euro ordaintzen dituenak 6 erosketa bonu jasoko ditu eta 60 euroko balioa duten erosketak egingo ditu; eta 60 eurorekin, berriz, 90 euroko balioa duten 10 euroko 9 bonu jasoko ditu. "Erosle bakoitzak erabakiko du guztiak denda batean, bitan edo hirutan erabili nahi dituen, baina denda bakoitzean, gutxienez, hiru erabili beharko dira", esan du Dorronsorok.

Astelehenean, urriaren 4ean jarriko dira salgai erosketa bonuak udaletxe azpialdean dagoen balio anitzeko gelan, liburutegiaren ondoan. 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etara 19:00etara egongo da zabalik salmenta, urriaren 29ra arte. Oria merkatari elkarteko kideek azpimarratu dutenez Amasa-Villabonan erroldatutako 16 urtetik gorakoek bakarrik erosi ahal izango dituzte bonuak eta horiek erostera joandakoan kreditu txartela erabiltzea eskatzen diete herritarri, kudeaketa errazagoa izan dadin. "Bonua erabiltzeko, erosketak gutxienez 10 euroko balioa izango du eta kopuru horretara iristen ez bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko. Bonuak ez dira, inongo kasutan, eskudiruagatik trukatuko". Kanpaina amaituta, abenduaren 11tik aurrera, bonuek inongo baliorik ez dutela izango jakinarazi dute merkatari elkarteko ordezkariek.

Egunotan, kanpainaren berri ematen duen esku orria jasoko dute herritarrek etxeko postontzian. Amasa-Villabonako alkateak bonuak erostera animatu ditu herritarrak, merkataritza sektoreari bultzada emateko modua baita hori. "Eta kanpaina hau amaituta ere, ez ahaztu herrian bertan erosteaz, Amasa-Villabonan denetarik daukagu-eta. Herria bizirik mantentzea denon esku dago", esan du Unzuek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!