IKUSMIRA(N)

Maritxu

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2021ko urr. 1a, 07:57

Badira denboran zehar bidaiatzera gonbidatzen gaituzten pertsonak. Herri bat, espazio bat hartu eta, urteak atzera egin eta iraganeko betaurrekoak jartzen laguntzen diguten pertsonak. Pertsona zoragarriak dira, ezinbestekoak. Horietakoa zen Maritxu Berasaluze Zaldua (Villabona 1929-2021). 

Edozein abagune ona zuen iraganeko kontu ederrak, kontu aberatsak, nahiz askotan tristeak eta gordinak berritzeko. Bere begietatik Amasa-Villabona ezagutzeko aukera izan dugu, gerra aurreko eta ondorengo oroitzapenak bilduz.

Maritxurekin memoria mota asko landu ditugu; historikoa, espaziala, emozionala… Lehen pertsonan bizitakoa, bere azalean urratutako guzti hori sentiarazi digu, gerrak haur baten bizitzan tatuatzen duen tristura zuzen, gordina eta, aldi berean, inozentea azalduz. Film bateko gidoia bailitzan kontatzen zuen Maritxuk bere bizitza, aita falta izan zuen urteetakoa izan ezik. Urte horiek galduta geratu baitzitzaizkion minaren zulo sakonean. Maritxuren aita, Benito Berasaluze, kapitain errepublikanoa zen. Jakingo bazenute Maritxuk zer emozio eta pasiorekin kontatzen zituen aitaren kontuak!

Maritxu ikusi genuen Giza Eskubideen Zinemaldian Donostiako Victoria Eugenia antzokiko oholtza gainean ere, Negar franko egingo zuen aitak (Bertha Gaztelumendi, 2014) dokumentalaren aurkezpenean eta ondorengo tertulian parte hartzen. Emakume handi bat zela bagenekien, baina oholtza eder hura txiki uzteko modukoa zela orduan jakin genuen.

Gertaera ofizialen joan-etorri, garaipen eta galerei, Maritxuk testuinguru emozionala jartzen zien, naturaltasunez, gordetzekorik gabe eta galtzekoak galduta dituenaren lasaitasunekin hitz eginez. Egunerokotasunean oinarritutako historia handia erakutsi digu Maritxuk, historia liburuetan agertzen ez diren kontakizunekin.

Asko dira liburu, artikulu nahiz grabazioetan Esti Amenabarrok eta biok, Aritza kultur elkartearen itzalpean, jaso ditugun Maritxuren oroitzapenak; eta beste asko dira, oroimenean jaso ditugunak, «hau ez grabatu» xuxurlatuaz bat esaten zituenak. Hamaika kontu jaso dizkiogu Maritxuri gure grabagailuetan, grazia eta umore berezi horrekin, eskuzabaltasun eta umiltasun osoz, maite zuen herriaren mesedetan eta justiziaren desiran. Hari gorriz josten zituen garai bateko eta besteko gertakizunak, hango eta hemengo bizipenak.

Gau beltzaz, kalabazez, heriotzaz eta neguko iluntasunaz ari ginela, Maritxuk herriko argiteriari aipamena egin zion. Bere haurtzaroan ez zela kalean argirik jakinaraziz. Honela zioen: «Nik askotan esaten dut lehen Villabonako kalean izarrak ikusten nituela, eta orain bat ere ez da ikusten, ez dakit nora joan diren!».

Hemen daude Maritxu, hemen, gure zerua argituz zu bezalako izar dirdiratsuak. Izan bekizu arina lurra, Maritxu maitea.

Esker onez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!