Duela gutxi entzun nuen aditu bat, prebentzioa indartze aldera loditasunarekin dugun arazoan fokua jartzen. Ados nago, noski. Baina loditasunaz hitz egiten denean tranpa egiten dugula sentitzen dut. Ez ote da loditasuna, gaitza bera baino, beste arazo batzuek eragindako sintoma? Sukarra tratatu behar da, noski, baina sukarra eragin duen horren bila jotzen du tratamenduak, infekzioa da ezabatu beharrekoa. Osasuna bermatzeko etxeratzeak bizitza sedentarioagoa eragin du, eta antsietatearen gorakadak zein larritasun ekonomikoak elikagai kaltegarriagoak kontsumitzera bultza ditu asko (ez da kasualitatez merkeagoa pozoia). Akaso, loditasunaz hitz egitean antsietatea eragiten digun bizimoduaz hitz egin beharko genuke.
Loditasuna kudeatu beharra nahiko ez, eta estigma eransten zaio gainetik. Hipokrita hutsak garela iruditzen zait, gizarte bezala. Argal bat eta lodi bat ez baitira berdin begiratzen, ez kirola egitean, ez eserita ikustean, eta gutxiago jatean: entsalada jaten ari bada, «ez du beti horrela jaten horrek, hobe luke…», dio ahots batek; izozki bati mihizka ari bada, bekatua, «berriz ere egongo da horrela…», epaitzen du ahotsak. Argala osasunaren sinonimo balitz bezala… Ez dira (eta gara) gutxi antsietatez jaten dugunok; nahiz gero agian kirola ere antsietatez egin. Eta gero akaso, korrika mamu guztiak atzean uztea lortu ez badugu, lotarako pastilla bat hartuko dugu. Baina ei, hori gizen dago, bere osasuna zaindu behar luke.
Eta loditasunak osasuna kaltetzen duela esateko pisuzko arrazoiak daude, baina pisuaren arrazoiak dira tratatu beharrekoak
Iruditzen zait, estigma horrek sorgin-gurpila bizia(go)tu baino ez duela egiten. Horren kontra lan egiten duten elkarteei ere, osasunaren kontra jardutea leporatzen zaie. Eta dikotomia faltsu bat planteatzen da, lodifobia ez delako osasunaren aldekoa. Pertsona bat bere egoera fisikoagoagatik gaizki sentiarazteak edo baztertzeak ez diolako ezertan laguntzen, ez bada alderantziz. Eta loditasunak osasuna kaltetzen duela esateko pisuzko arrazoiak daude, baina pisuaren arrazoiak dira tratatu beharrekoak.