Larunbatean egingo dute III. BTT Martxa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 29a, 07:57

Amasa-Villabonako Irrintzi Txirrindularitza Elkarteak antolatuta, mendi bizikleta martxa izango da larunbatean, 9:00etan; ostiral eguerdira arte eman daiteke izena

Pandemiaren ondorioz, iaz antolatzerik izan ez bazuten ere, Amasa-Villabonako Irrintzi Txirrindularitza elkarteak, BTT Martxa berrartu du. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa; larunbatean egingo da, 09:00etan hasita. Irteera eta helmuga leku berean izango dira; hain justu, Errebote Plazan. Mendi bizikleta ezagutarazi eta sustatzea helburu duen martxa bat da BTT Martxa; hau da, ez da lehiaketarik izango. Ez da denborarik hartuko, eta beraz, ez da amaierako sailkapenik egongo.

Gainera, mota ezberdineko txirrindularientzako moduko martxa bat da, bi ibilbide mota baititu: luzea eta motza. Orain arte, 38 eta 28 kilometroko luzerak eta 1.400 eta 1.000 metroko desnibel positiboak izaten zituzten, hurrenez hurren. Larunbaterako, ordea, bi ibilbideak moldatu behar izan dituzte antolatzaileek. «Gipuzkoako Mendi Federazioaren Arautegiaren arabera, ez dugu baimenik bide batzuetatik igarotzeko. Erantzun batzuen zain gaude, eta beraz, zirkuitua guztiz zehaztu gabe dago oraindik. Aldaketa batzuk jasan ditzake, eta baliteke 35 eta 25 kilometroko bi ibilbide zehaztea», adierazi du Borja Aranzabe Irrintzi Elkarteko kideak.

Ondorioz, metatutako desnibelean ere eragina izango du. «Zertxobait jaitsiko da», gaineratu du. Anoa guneei dagokienez, hiru izango dira guztira: bi, ibilbidean zehar (Elduko bordan eta Loatzon) eta bestea helmugan.

Aldaketak aldaketa, mendi bizikletaz gozatu eta lagun artean goiz eder bat igarotzeko aukera izango dutela nabarmendu du antolatzaileak. «Herrian kirol probak antolatzeko helburuarekin lan egiten dugu elkartean. Kasu honetan, gure parajeak ezagutarazi eta mendiko bizikleta sustatzea da asmoa. Eskualdean, gainera, geroz eta txirrindulari gehiago dira mendian ibiltzen direnak».

Ostiraleko 12:00ak bitarte egongo da izena emateko aukera, Kirolprobak.com webgunean. 16 urtetik beherakoek ezin dute parte hartu, eta 18 urte bitartekoek, gurasoen baimena behar dute. Federatutako txirrindulariek, 20 euro ordaindu behar dute; federatu gabekoek, berriz, 25. Dortsalak egunen bertan banatuko dira, Errebote Plazan, 08:00etatik aurrera.

Hazten doan proba da Amasa-Villabonakoa. Lehen edizioan 150 partaide izan zituzten; bigarrenean, 180. «Euria egin zuen bi aldietan; beraz, harrera oso ona izan zuen». Aurtengo martxarako, jada 200 txirrindularik eman dute izena. «Ea eguraldiak laguntzen duen», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!