Itzalaldi masiboarekin bat egingo du Amasa-Villabonako Udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 29a, 11:32

Udalbatzak adierazpena onartu du estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari direna salatu eta subiranotasun energetikoaren aldeko aldarria egiteko; EH Bilduren aldeko eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin onartu da adierazpena.

Amasa-Villabonako Udalak bat egingo du urriaren 8an, 22:00etatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta eltze jotze deialdiarekin. EH Bilduk aurkeztutako adierazpena udal talde horretako zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko eta PSE-EEko kontrakoekin onartu da. Honenbestez, Espainiako estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari direna salatu du udalak eta aldarrikatu du Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar duela, estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duen sistema propioa. "Sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko". Gainera, Amasa-Villabonako Udalak Eusko Jaurlaritza interpelatu du, presazko izaerarekin, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzan.

PSE-EEk zinegotziak aurkeztutako adierazpenaren aurka egin du, argindarraren prezioa jaisteko Espainiako gobernuan egiten ari diren ahalegina babesteko. "Nahikoa izan ez arren, borrokan ari dira argindarraren faktura jaisteko", esan du Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak. Patxi Agirre zinegotzi jeltzaleak, "helburu propagandistikoa" antzeman du EH Bilduk aurkeztutako adierazpenaren atzean eta testuari "zorroztasunik gabea eta sinplista" izatea iritzi dio. "Populismoak eta demagogiak alde batera utzi eta gaiari modu serioan heldu behar zaio. Krisi energetikoaren abiarazle diren faktore batzuk badaude eta horiei aurre egiteko lanean dabil azkeneko hamarkadetan Eusko Jaurlaritza. Energia berriztagarria bultzatzeko programak, adibidez, martxan dira duela 40 urtetik eta guk nahiago dugu horrelako programak inplementatzen ahaleginak egin; errealistagoa eta eraginkorragoa da", aipatu du Agirrek.

Zerga eta tasetan, %1,1eko igoera

Udal gobernuak eta oposizioak ez dute adostasunik izan 2022ko ordenantza fiskalak ezartzerako orduan. EAJk eta PSE-EEk hurrengo urtean ere tasak eta zergak izoztearen aldeko hautua egin dute, baina gehiengoa baliatuta, %1,1eko igoera aplikatzearen alde egin du EH Bilduk, Xabat Laborde alkateordeak nabarmendu duenez, "ardura instituzionalagatik eta udalaren oreka ekonomikoa mantentze aldera".

Iaz, alderdi guztien adostasunarekin eta ezohiko egoerak bultzatuta zerga eta tasa guztiak izoztu zituen Amasa-Villabonako Udalak. Datorren urteari begira, aurreko irizpide berdinetara itzultzeko erabakia hartu du, horretarako aurtengo urtarriletik uztailera bitarteko KPIaren igoeraren bataz bestekoa kontuan hartuz. "Iazkoaren ondotik udalaren diru bilketa ere jaitsi egin da eta desoreka ekonomikoa sortzeko arriskua dago, ez da neurri popularra izango, baina gobernu gisa arduraz jokatu eta udalaren bideragarritasun ekonomikoa zaindu beharra daukagu", azpimarratu du Labordek. 

Bi salbuespenen berri ere eman dute udal gobernuko kideek. Olaederra kiroldegiko zerbitzuen tasa %2,1 igoko da 2022ean, nahiz eta hiru hileko ikastaroen eta matrikulazio berrien prezioak bere horretan mantenduko diren; Hondakinen tasan, berriz, %5eko igoera egingo du udalak. Labordek horrela argudiatu du erabakia: "Hondakinen bilketa eta tratamenduagatik udalak ordaindu beharrekoa urtez urte gora doa eta eta defizita areagotzen ari da azken urteetan. Igoera hau aplikatuta ere, oraindik inguruko herri gehienetan baino tasa merkeagoa ordaintzen jarraituko dugu Amasa-Villabonan, eta igoera handia dirudien arren, egiatan, hiru hilabeteko faktura, bataz beste, euro bat garestiagoa izango da datorren urtetik aurrera".

Energia plana, aurrera

Amasa-Villabonako Energia Plana behin behinekoz onartu du udalbatzak, nahiz eta puntu honetan ere oposizioko alderdiak ez diren bat etorri gobernuaren proposamenarekin. Ander Goikoetxea Ingurumen zinegotziak azaldutakoaren arabera, Energiaren Euskal Legeari erantzutera dator plana eta udal eraikinetan energia kontsumoa nolakoa den aztertu eta kontsumo hori eraginkorra bihurtzeko neurriak barne biltzen ditu. "2030ari begirako helburuak bete ahal izatea da asmoa".

Enpresa batek prestatu du plana eta PSE-EE eta EAJko zinegotziaren arabera bertako arduradunak ez dira batzordera azaldu beharrezko azalpenak ematera. "Formak edukia baldintzatzen du kasu honetan ere. Martxotik ez zaigu azalpenik eman. Gaizki hasten da plana, aldebakartasunez. Ez da gauzak egiteko modua", esan du Agirrek. Goikoetxeak oposizioko alderdiek nabarmendu die ekainean aurkeztu zitzaiela plana eta ordutik ez zaiela iritsi gaiaren inguruko eskaerarik. Eskuragarri egon da plana, zehaztasunez eta sakontasunez ematen da informazio guztia bertan. Informazio eskatu izan bazenute helaraziko zitzaizuen, horregatik ez dut ulertzen jarrera hau. Harridura sortzen dit, xextra eta enfrentamendua bilatzen duzue gai honetan, horretarako motiborik ez dagoenean".

Bide batez, Amasa-Villabonako udalbatzak udalerriko bake epaile titularra eta haren ordezkoa izendatu ditu 2021-2025 epealdirako eta behin betiko Amasa-Villabona Ueman sartzea onartu du, Eusko Jaurlaritzak mankomunitatean sartzeko aldeko txostena eman ondoren. Villabonako Jesusen Bihotza parrokian, bestalde, barruko argiztapeneko elementuak aldatzeko obra interes berezikoa aitortzea erabaki dute zinegotziek, eta beraz, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan %50eko hobaria aplikatuko diote parrokiari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!