ELKARRIZKETA

«Basoek lagundu dezakete gure erresilientzia hobetzen»

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 29a, 11:59

Garazi Auzmendik bihar hitzaldia emango du 'Klima larrialdia eta basoen ekarpena' izenarekin; berezko baso naturala berreskuratuta, klima aldaketari aurre egin dakiokeela defendatuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak bultzatutako beka bati esker, zuhaizti eta basoek klima aldaketaren aurkako borrokan egin dezaketen ekarpenaz azterketa egin zuen Garazi Auzmendik (Beasain, 1988), 2018an eta 2019an. Azterketan ateratako ideia nagusiak emango ditu ezagutzera, bihar, 18:30ean Subijana etxean.

Zertan oinarritu duzu zure ikerketa?

Analisi dokumental bat da. Erkidego mailan, estatuan eta nazioartean gaiaren inguruko bibliografia aztertu eta Gipuzkoako testuingurura ekarri nuen. Informazio kontraesankorra ematen da maiz eta sortzen diren galderei erantzuna ematen saiatu nintzen. Urteotan, gainera, leku ezberdinetatik ari dira mugimenduak sustatzen eta berezko baso naturala berreskuratzeko dinamikak indartzen. Gertatzen ari den horri argumentazio bat eman nahi nion azterketarekin.

Klima aldaketaren aurkako zein ekarpen egin dezakete basoek?

Bestela ere, klima aldaketaren aurkako ekintzak bi ardatz nagusitan sailkatu ohi dira. Alde batetik, klima larrialdia arindu edo moteltzeko ekintzak daude eta horien artean sartzen dituzte, deskarbonizazioarekin loturiko ekintzak, hala nola, garraio publikoa erabiltzea edota bizikletaren erabilera sustatzea; Beste alde batetik, klima larrialdia dagoeneko errealitate bat denez, etorriko zaizkigun baldintza berri horietara egokitzeko gure gaitasuna hobetzeko ekintzak aipatzen dira. Basoek bi ardatz horiei begiratuta ekarpen handia egin dezakete, eta lagundu dezakete lurralde mailako gure erresilientzia hobetzen.

Nola lagundu dezakete basoek klima larrialdia moteltzen?

Zuhaitzek atmosferako karbono dioxidoa xurgatu eta metatzeko gaitasuna dute eta horregatik esaten da basoak karbono erreserbak direla.

Bertako baso naturalek dute horretarako gaitasun handiena?

Bai, baina ez da bakarrik klima aldaketa hori moteltzen laguntzen dutela, baso naturalek aniztasuna eskaintzen digute. Espezieen aldetik, adin aldetik eta egiturari begiratuta bertako basoek duten konplexutasun horrek etorriko diren baldintza berrietara egokitzeko aukera gehiago ematen digute. Dagoeneko aurreikuspen batzuk egiten zaizkigu. Uraren prezipitazio maila gutxituko dela esaten digute eta aldi berean eurite bortitzagoetan etorriko zaigula prezipitazioa; bero bolada eta lehorte aldiak ere iragartzen zaizkigu. Baso naturalek lurzorua babesten laguntzen digute, higaduraren aurkako aliatu onenak dira, bioaniztasuna zaintzeko giltzarria dira, ura babesten dute...

Urruti al gaude bertako baso natural horietatik?

Azterketan jaso nuen bezala Gipuzkoan lurraldearen %62 zuhaiztia da. Baina kopuru horren %25 baino ez dute suposatzen hariztiek, pagadiek, artadiek... Gainerako guztia espezie exotikoz estalitako lurrak dira. Orain arte ohikoak izan dira pinua bezalako monolaborantzak eta orain eukaliptoa sartzen ari dira. Uste dut tarte handia dugula hobetzeko. Ez dugu zertan gure zuhaiztien %100 kontserbaziora bideratu behar, baina hobetzeko aukera handia dugula iruditzen zait eta tarteko agertoki guzti horiek gure mesedetan izango direla.

Zeinentzat izan daiteke interesgarria biharko hitzaldia ?

Edonorentzat. Uste dut denoi dagokigun gai bat dela eta gizarteak, oro har, jakin behar duela zein mugimendu ematen ari diren. Basoak aipatzen ditugunean zuzenean lur jabeak etortzen zaizkigu burura, baina uste dut geroz eta jende gehiago konturatzen hasi dela, klima larrialdiak gure egunerokotasunean denoi eragiten digula. Basoen gaia pil-pilean dago eta uste dut gizarte bezala heldu beharko geniokeela erronka honi.

Amasa-Villabonan, adibidez, Amasamendiren jabetza herriarena da.

Bai. Administrazio publikoa saiatzen da gauzak ondo egiten eta herritarrak ez dira askotan konturatzen zer nolako ahalegina egiten den arlo honetan, eta batez ere, ez dira jabetzen denontzako zer onura ekartzen dituzten jarduera horiek. Biharkoak balio behar du, ikasteko, iritzi kritikoa sustatzeko, eta ondo egindako lanak aitortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!