Garagardo asteburua antolatu du Irrintzik

Ataria 2021ko ira. 29a, 11:57

Villabonako elkartean emango dituzte otorduak bihartik igandera; txartelak aldez aurretik eskuratu beharko dira

Irrintzik XXIII+I Garagardo Asteburua egingo du irailaren 30etik urriaren 3ra, elkarteak Villabonako Kale Nagusian duen egoitzan. Bigarren aldia da gisa honetako asteburu bat antolatzen dutela, 2017an, ikastolaren Txermingo egoitzan lanak egiten ari zirela , elkartean bertan antolatu behar izan baitzuten 1997tik egiten duten Garagardo Azoka. Aurten asteburua antolatzeko pausoa eman dutela esan du Agustin Laskurain antolatzaileak, jendeak bultzatuta: «Eskatzen ari zitzaizkigun zeozer antolatzeko. Bi urteotan festa giroa falta izan denez, jendeak badu horrelakoetarako gogoa».

Otorduak baino ez dituzte emango Irrintzi elkartean. Ostegunean afariak, ostiral eta larunbatean bazkari eta afariak eta igandean bazkariak. Eguerdikoak 14:00etan eta iluntzekoak 21:00etan. «Duela lau urte asteburua antolatu genuenean barra bat antolatu genuen eta zutik edan zitekeen garagardoa. Elkartea jendez bete zitzaigun. Aurten pandemiagatik denak eserita egon beharko dugu eta aforoa ere mugatuta egongo da, %80ra». Patioan eta bi jangeletan egokituko dituzte mahaiak eta antolatzaileen arabera 100 lagunentzako tokia egongo da elkartean.

Gulek, saltxitxek, ukondoak, izozkiak eta garagardoak osatuko dute egunotako menua. Bi pertsonentzako otorduak 45 euroan izango dira salgai eta pertsona bakarrarentzakoak 30 euroan. Bazkari eta afarietarako txartelak salgai jarriko dituzte egunotan Irrintzi elkartean eta Txurrut tabernan.

Eramatekoak ere prestatuko dituzte Laskurainek aurreratu duenez: «Garagardo Azoka egiten dugunean jendeak ohitura du saltxitxak eta ukondoa etxera eramateko. Aukera hori ere emango dugu eta bazkarietan 13:00a arte eta afarietan 20:00ak arte egin ahal izango dira eskaerak».

GARAGARDO AUKERA ZABALA

Irrintzi elkartean bi garagardo izango dituzte aukeran asteburu honetan: La Salve eta Alhambra etxeetako garagardo horiak eta gorriak. Laskurainek La Salveren garagardoak berezitzat bezala jo ditu, «gozoak edateko», eta Alhambrarenak, berriz, «kategorikoak» direla esan du.

Elkarteko dozena bat bazkide ariko dira lanean ostegunetik igandera, jendeari zerbitzua emateko. Asteburu oparoa izatea espero dute antolatzaileek baina begi bistan dute hurrengo urteko Garagardo Azoka. «Uzten badigute egingo dugu, desiratzen gaude eta. Bi urteotan material berria prestatu dugu eta nahiko genuke urteroko zita berreskuratu». Bien bitartean, jai giroa eta garagardoa dastatzeko aukera izango da bihartik aurrera Villabonako Kale Nagusian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!