13 minutuko 13 ekimen egingo dituzte larunbatean Amasa-Villabonan

Ataria 2021eko irailaren 28a

13/13 sumarioan epaitzen ari diren Julen Zelarain herritarrari eta gainerako auzipetuei babesa eskaintzeko ekimenak izango dira.

13/13 epaiketan auzipetu duten Julen Zelarain billabonatarrari babesa eskaintzeko ekimenak egingo dira larunbatean, urriaren 2an, Amasa-Villabonan. Zelarain beste sei kiderekin batera epaitzen ari dira  Espainiako Auzitegi Nazionalean eta 77 urteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat.

Uztailaren 12an abiatu zen epaiketa eta astelehenean egin zuten azkeneko auzi saioa. Hurrengoa  urriaren 29an egingo dutela adierazi du Angela Murillo epaileak. Azaroaren 3rako eta 4rako ere deitu dute auzi saioetara. Espero da orduan ematea epaiketaren ondorioak eta alde bakoitzaren argudioak.

Bien bitartean, Amasa-Villabonan auzipetuekiko elkartasun ekimenak ari dira bideratzen. 13 minutuko 13 ekimen lelopean, egun osoan zehar herriko hainbat txokotan ekimenak antolatu dituzte.

Hau da prestatu duten egitaraua:

  • 08:00. Gosaria Malkar plazan.
  • 09:00. Kontzentrazioa Berdura plazan.
  • 10:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 11:00. Slack-line plazan.
  • 12:00. Dantzak Malkar plazan.
  • 13:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 14:00. Kontzentrazioa Berdura plazan.
  • 15:00. Xake txapelketa Malkar plazan.
  • 16:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 17:00. Kontzentrazioa Malkar plazan.
  • 18:00. Kontzertu akustikoa Malkar plazan.
  • 19:00. Manifestazioa herrian zehar.
  • 20:00. Pintxo-pote Berdura plazan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!