Zunbeltz elkarteak irabazi du Isats Gisatu Lehiaketa

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 18a, 17:29

Irrintzi elkarteak XXVI. Azoka Berezia egin du, gaur, Errebote plazan. Ohiturari eutsiz, Isats Gisatu Lehiaketa egin dute, eta sei parte hartzaileren artetik onena Zunbeltz elkartearen platera izan da.

Amasa-Villabonako Irrintzi elkarteak XXVI. Azoka Berezia egin du Errebote plazan. 28 artisautza eta elikagai postu jarri dituzte plazan sakabanatuta, eta jende asko ibili da postuz postu. Euskal Herri osotik etorritako elikagai eta artisautza postuak bisitatu ahal izan dituzte, eta herritarrek erosketak egiteko aukera ere izan dute. 09:30etik 14:00ak arte izan da azoka, eta aldi berean, Isats Gisatu Lehiaketan parte hartu dutenak, suak piztu, eta ahalik eta platerik gozoena egiten ahalegindu dira.

Zunbeltz, Behartzana, Irrintzi, Uxo-Toki, Urkamendi eta Villabona kirol elkarteek parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Epaimahai lana Elena Lazkano, Arantxa Lazkano, Eneko Amundarain, Ander Goikoetxea eta Gorka Egurenek egin dute, udaletxean. Maila "ona" izan dela aurtengoan aipatu dute, eta lehia estua egon da lehen bi postuen artean. Azkenik, Zunbeltz elkartea izan da irabazlea, eta atzetik sailkatu da Urkamendi. Podiumeko hirugarren postua Villabona kirol elkartearentzat izan da.

Sari horiez gain, Irrintzi elkarteak, azokako hiru postu onenei ere saria eman die. Lasako Etxebesteak ekoizleak, Altsasuko Katealde eta Segurako Gure Eztia izan dira sarituak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!